Halsouet-Lopetegi II bikoak lortu du finalerako txartela.

III. Gazteak San Migel Xare Irekian, Telletxea-Iturbe bikoari 40-37 irabazita. 

Ostiral iluntzean jokatu zen Ametsa trinketean Irurako San Migel Xare Irekien 2. jardunaldia. Jardunaldi erabakigarria izan zitekeela nion aurreko kronikan, eta  Gazteen mailan horrelaxe izan da, bikote finalista bat eta finalerdia erabakita utzi dituelako.  Oxan Halsouet - Xuban Lopetegi bikoa izan da finalerako sailkatu dena;  Unai Telletxea eta Oier Iturberen kontra aritu ziren, eta  azken unera arte  erabaki  ez zen partida ikusgarria eskaini ziguten Ametsa trinketean bildu ginenoi.  Markagailuan Unaik eta Oierrek agindu zuten partida osoan,  eta abantail esanguratsuak ere izan zituzten (19-9/30-22), baina Oxanek eta Xubanek ez zuten amore eman, eta 35na eta 37na berdintzea lortu eta gero, 37-40 irabaztea lortu zuten. Lau pilotariak oso maila onean  aritu baziren ere, Oxan  Halsouet bikain aritu zen beste behin ere, eta baita  Oier Irurbe ere. 

Gazte mailako bigarren partida ere oso ona izan zen. Matxalen Mendizabalek eta Markel Mujikak 40- 33 irabazi zieten Julen Zabalegi eta Aimar Heras bikoari. Azken hauek jokatutako lehen partidan baino itxura hobea eskaini zuten oraingoan,  eta azken hamarkada arte aurretik joan ziren markagailuan (30-33), baina ez zioten amaiera ona eman, ez baitzuten tantu bat gehiago egin; ondorioz, 40-33 galdu zuten partida. Emaitza honekin Julen eta Aimar, azken partida irabazita ere, multzoko azken tokian geratuko lirateke; hortaz, finalerditik  kanpo geratu dira.

Hau, azken jardunaldiarwn faltan, erabakita geratu da, eta Telletxea-Iturbe eta Mendizabal-Mujika bikoek jokatuko dute. 

Nagusien mailako partidak ere finalista bat erabaki zezakeen, Etxeberri-Funosas bikoak irabazi balu, baina Lopetegi I-Castera bikoak ez zien aukera hori eman, eta 40-35 irabazi zieten. Ondorioz, datorren ostiraleko jardunaldian erabakiko da guztia. 

Partida ikusgarria ikusi genuen; lau pilotariek dena eman zuten eta tantu ikusgarriak eskaini zizkiguten. Joxi Lopetegi eta Andoni Castera markagailuan  aurretik izan ziren  partida osoan,  eta ondo baino hobeto kudeatu zuten markagailuan izan zituzten aldeak; Sebas Etxeberri eta Mikel Funosas saiatu ziren, baina ez zuten lortu markagailuan hurbiltzea, eta Joxi eta  Andoni estutzea. Ondorioz, emaitza honekin, datorren ostiralean jokatuko den Lopetegi I-Castera eta Larronde-Moncada partidan erabakiko da nor pasako den finalera zuzenean. 

 

 

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!