Naroa Mujika eta Oier Garmendia Gipuzkoako Xare Txapelketako txapeldun!

Erabiltzailearen aurpegia Ametsa Pilota Elkartea 2023ko apirilaren 3a

Larunbat arratsaldean jokatu zen Irurako Ametsa trinketean Infantil mailako xareko Gipuzkoako Txapelketaren finala. Txapeldunek Unai Gibelalde eta Ander Mujika (40-34) mendean hartu zituzten finalean.

Tentsioa eta urduritasuna nabari zen lau finalisten artean partida hasi aurretik, baina hori ez zen nabaritu partidaren hastapenean; lau pilotariek, joku ona eginez, hasera bikaina eman zioten finalari. Partidaren erdira arte estu joan zen markagailua, gorabehera gutxirekin, baina hortik aurrera, Naroa Mujika eta Oier Garmendia, pixkanaka, markagailuan aldea irekitzen hasi ziren, eta alde horri ondo baino hobeto eutsi zioten amaierara arte.

Unai Gibelaldek eta Ander Mujikak ahaleginak egin zituzten alde hori murrizteko, baina horretan geratu ziren, ahaleginean. Gainera, azken tantoetako batean Unaik kolpe handi samarra hartu zuen eskumuturrean, eta ez zuen ehuneko ehunean amaitu partida. Hala ere, esan behar da Naroak eta Oierrek, partidako onena izan zenak, merezimendu osoz irabazi zituztela infantil mailako xareko Gipuzkoako Txapelketaren txapelak eta garaikurrak. Hauek, Leti Aristi, Udal ordezkaria eta Julen Zabalegi Ametsako ordezkarien eskuetik jaso zituzten. Txapeldunordeek, berriz, Oier Iturbe eta Mikel Uzkudun Ametsako ordezkarien eskuetik jaso zituzten euren garaikurrak.

Finalaren atariko partidan, Ekhi Gibelaldek eta Ander Calongek (40-36 ) irabazi zieten Xabat Zabalegi eta Ibai Larrañagari. Lau pilotariek oso maila ona erakutsi zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!