Bi zati oso nabarmen izan zituen ostiral iluntzean Ametsa trinketean bildu ginen zaleok ikusi genuen xare partidak. Lehen zatian, Julen Zabalegik eta Xuban Lopetegik joko bikaina eginez, goitik behera menpean hartu zituzten Matxalen Mendizabal eta Aimar Heras; hauek ez zuten asmatu Juleni pilota kentzea eta hau bikain aritu zen maila guztietako erremateak eginez; eta berari jokoa kentzea asmatu zutenean, Xubanek, pilota harrigarriak bueltatuz eta oso pilota gutxi galduz, Matxalen eta Aimarren erasoei ondo baino hobeto eutsi zien, eta, gainera, aukera zuenean, frailea aprobetxatuz, oso tanto politak lortu zituen. Horrela, markagailuan, 20-13/28-18 eta 32-20 aurrea hartzea lortu zuten Julenek eta Xubanek. Baina partida erabakita zegoela zirudienean, Matxalen eta Aimar, gehixeago asmatzen hasi ziren eta arerioak huts gehixeago egiten hasi zirela baliatuz, tantoak bata bestearen atzetik eginez, 13-1 partziala egitea lortu zuten eta 33na partida berdintzea lortu zuten, ikuslegoaren harridurarako eta baita gozamenerako ere, aurreikusi genuen partida amaieraren atarian geundelako. Baina, azken zati honetan, Julen Zabalegik berriro jokoan sartzea lortu zuen, eta 35-35 azken berdinketa eman bazen ere, azken 5 tantoak errenkan eginda, 40-35 finala irabazita, Jubenil mailako Gipuzkoako xare txapeldunei dagozkien txapelak janztea eta trofeoak jasotzea lortu zuten Julenek eta Xubanek. Matxalen eta Aimar ere harro egon daitezke egindako txapelketarekin; ligaxkako partida guztiak irabazita, azkena eta zailena, finala, alegia, irabaztea falta izan zitzaien. Hurrengoan izango da!
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko, Irurako Udaleko, SMGko eta Ametsa Pilota Elkarteko ordezkariek banatu zituzten sariak, eta eman zitzaion amaiera 2023ko jubenil mailako Gipuzkoako xare txapelketari.