Jubenil mailako Gipuzkoako xare txapelketaren 2. jardunaldia jokatu zen igande arratsaldean Ametsa trinketean.
Lehen partidan, Mendizabal-Heras bikoak 40-32 irabazi zion Zabalegi-Lopetegi bikoari. Erdi aldera arte, partida orekatua izan zen. Hortik aurrera, Matxalen erasoan sendoago eta Aimar oso seguru atzean aritu zirenez, markagailuan aldea irekitzea lortu zuten. Amaieran, Julenek eta Xubanek susperraldi txiki bat izan bazuten ere, azken emaitzan ez zuen eraginik izan. Matxalenek eta Aimarrek bigarren puntua lortuta, finalerdietarako txartela lortu dute; Julenek eta Xubanek, azken jardunaldian sailkapena izango dute jokoan.
Bigarren partidan, Maiza-Mujika bikoak 40-25 irabazi zion Murua-Iturbe bikoari. Adurrek ukondoko arazo batzuk dituela eta, Haritz, bere anaia bikiak jokatu zuen partida. Faboritoak ziren Oier Maiza eta Markel Mujika eta ez zuten hutsik egin. Oier Iturbe saiatu zen hasieran arerioak estu hartzen, baina, berehala, hauek euren sendotasuna erakutsi zuten, eta erraz irabazi zuten. Haritzek ez zuen aukera gehiegirik izan. Oier Maizak eta Markel Mujikak ere bigarren puntua eta finalerdietarako txartela lortu dute.
Datorren ostiralean jokatuko den jardunaldian erabakiko da dena; Mendizabal-Heras vs Maiza-Mujika partidako irabazleak, finalerako txartela lortuko du zuzenean; galtzaileak, finalerdia jokatuko du, Zabalegi-Lopetegi vs Murua-Iturbe partidaren irabazlearen kontra. Partida honen galtzailea kanporatua geratuko da.
Jardunaldi erabakiorra ostiral arratsaldean Ametsa trinketean jokatuko dena. Ez zazue hutsik egin!