Ostiralean jokatu zen Irurako Ametsa trinketean 2023ko jubenil mailako Gipuzkoako xare txapelketaren lehen jardunaldia.
Lehen partidan, Mendizabal-Heras bikoak 40-36 irabazi zion Murua-Iturbe bikoari. Hasera kaskarra eman zioten partidari, amaieran irabazle izan ziren Matxalen Mendizabalek eta Aimar Herasek, 11-4/17-9 galtzen jarri baitziren aitaren batean. Tantua egin, eta atseden bat hartu eta gero, 17na berdintzea lortu zuten- Hortik aurrera berdinketa batzuk eman baziren ere, Matxalen-Aimar bikoak bospasei tantuko aldea hartu zuen, eta estuasun handiegirik gabe, partidua 40-36 irabaztea lortu zuen. Adurrek eta Oierrek ez zuten gaizki jokatu, ondo eutsi zieten Matxaleni eta Aimarri partidaren lehen erdira arte, baina hortik aurrera, hauek oso partida serioa eta segurua jokatu zuten, tantu gutxi opariruz, eta azkenean, merezita irabazi zuten.
Jardunaldiko bigarren partida, Zabalegi-Lopetegi eta Maiza-Mujika bikoen artekoa izan zen. Asko espero genuen partida honetatik, baina Xuban Lopetegik aduktoreko arazo bat zuela eta, ezin izan zuen bere mailarik onena eman. Ondorioz, hori baliatuz, eta oso joku ona eginez, dena esanda, partida hasera-haseratik hautsi zuten Oier Maizak eta Markel Mujikak, eta 40-28 irabazi zuten. Julen Zabalegi saiatu zen partida iraultzen, eta tantu ikusgarriak egin bazituen ere, orokorrean ez zuen bere egunik onena izan, neurri handi batean Oierrek eta Markelek ondo jokatzeaz gain, ondo baino hobeto asmatu zutelako jokoa nori zamatu. Bigarren jardunaldia datorren ostiralean, urtarrilaren 20an, jokatuko da Irurako Ametsa trinketean.