Larunbat arratsaldean, Hazparneko Berria trinkete ikusgarrian jokatu ziren aurtengo Iparraldeko Ligaren xareko finalak.
Gaztetxoen mailan, Adur Murua-Ibai Larrañaga eta Unai Gibelalde-Oier Garmendia, Ametsako bi bikoen arteko finala izan zen jokoan. Lehen aldia zuten lau pilotariek Berria trinketean jokatzen, eta hori nabari geratu zen partidaren haseran, kosta egin baitzitzaien trinketaren neurrietara eta azkartasunera jartzea. Tantu batzuk jokatu eta gero, pilotariak izanik, hartu zioten neurria, eta gauza politak utzi zizkiguten lau pilotariek, partida polit bat eskainiz bertan bildu ginenoi. Emaitza gutxienekoa bada ere, Adurrek eta Ibaik 40-24 irabazi zuten, baina emaitzak ez du benetan erakusten partidaren bilakaera, Unaik eta Oierrek gehiago merezi baitzuten. Segidan, Gazteen txanda izan zen, eta hemen ere Ametsako bi bikote genituen lehian. Batetik, Oier Maiza-Xuban Lopetegi, eta, bestetik, Matxalen Mendizabal-Oier Iturbe.
Hauei ere zertxobait kostatu zitzaien trinketera jartzea, baina tantu batzuk jokatuta, berehala hasi ziren euren jokoa egiten. Matxalenek eta Oierrek haseratik erakutsi zuten Oier eta Xuban baino gehixeago zirela, eta berehala aurrea hartu eta eroso samar zeramaten partida; baina Oierrrek eta Xubanek ez zuten etsi, eta azken hamarkadara iritsi aurretik, tantu bolada polit bat (7-0) eginda, markagailuan 24-27 hurbiltzea lortu zuten, Matxalen eta Oier zertxobait urduri jarriz. Hala ere, sakea berreskurtzearekin batera, berriro aldea irekitzea lortu zuten Matxalenek eta Oierrek, eta partida 29-40 irabazi zuten.
Dominak eta kopak jaso ondoren, ohiko argazkiak egin eta azkenerako eguna luzetxo egin bazitzaigun ere, merezi izan zuen 1. mailako final nagusia ikustea, ikusgarria izan zelako. Joxi Lopetegik eta Mikel Funosasek, Jon Larronde eta Oihan Borteyruren kontra jokatu zuten, eta Joxik eta Mikelek, 40-36 irabazita, enegarren txapela janztea lortu zuten. Oraindik joku maila ikusgarria dute, eta forman daudela erakutsi zuten. Partida, haseratik dominatu zuten Joxik eta Mikelek, eurak izan ziren bai jokoan bai markagailuan nagusi, nahiz eta Jonek eta Oihanek partidaren erdian,(21-21) berdintzea eta, azken zatian, ( 37-35) hurbiltzea lortu. Azkenean,40-36 garaipena lortuta, beste txapel bat jantzi zuten Joxik eta Mikelek.
Txapela jantzita Irurara Joxik ekarri bazuen ere, txapelketan parte hartu duzuen guztiak ere txapeldunak zarete!
Zorionak zuei, eta baita hori gauzatzeko lan egin duen talde guztiari ere!