Ametsa Pilota Elkarteko pilotariek emaitza historikoak lortu dituzte aipatu txapelketan, eta Gaztetxoak zein Gazteak mailetan, Ametsako bina bikote iritsi dira finaletara.
Gaztetxoak mailan, 15:00etan, Unai Gibelaldek eta Oier Garmendiak, Adur Muruaren eta Ibai Larrañagaren kontra jokatuko dute. Bi bikoek txapelketa bikaina burutu dute eta finalean ere orain arte emandako mailari eustea eta jokoarekin gozatzea baino ez zaie geratzen, bi bikoek merezi baitituzte txapelak.
Gazteak mailan, 16:00etan, Oier Maizak eta Xuban Lopetegik, Matxalen Mendizabal eta Oier Iturberen kontra jokatuko dute; multzo desberdinetan aritu dira ligaxkan, eta biko bakoitza multzoko lehena geratu denez, elkarren kontra ez dute jokatu, eta finalean jokatuko dute elkarren kontra lehen aldiz. Matxalen eta Oier Iturbe dira faboritoak, baina Oier Maiza eta Xuban oso pilotariak dira, eta eurena emango dute; horregatik, kontuz ibili beharko dute Matxalenek eta Oierrek, eta euren mailarik onena eman beharko dute. Hauei ere jokoarekin gozatzea eta ikusleoi gozaraztea desio diet, txapelak mereziak dituztelako.
Final hauetaz aparte, beste mailetako finalak ere izango dira, eta Joxi Lopetegik lehen mailako finala jokatuko du Mikel Funosasekin, Jon Larronde eta Oihan Borteyruren kontra.
Aipagarria den gertaera bat ere aipatu nahiko nuke, gutxitan gertatzen delako; Joxi eta Xuban, aita-semeak, txapelketa bereko bi finaletan izango dira. Zorionak!
Gertatzen dena gertatzen dela, Irura eta Irurako xarea izango da irabazle Hazparnen!