Joxi Lopetegi eta Oier Iturbe, irurarrek, jantzi dituzte San Migel Xare Irekien txapelak!

Sebas Moncada eta Oxan Halsouet izan dituzte bikotekide, hurrenez hurren.

 II. Gazteak Xare Irekiaren txapelak izan ziren jokoan jardunaldiko lehen partidan; Arrizabalaga-Mujika  eta Halsouet -Iturbe bikoen artekoa izan zen, eta hauek, Oxanek eta Oierrek,  40-33 irabazi zuten.   Oxan Halsouetek, oso gaztea izanagatik (14 urte), argi eta garbi ekarri zuen estrategia, eta  partida irabaztera atera zen lehen tantutik. Oier Iturbe,  bere bikoteari,  gehixeago kosta zitzaion partidan sartzea; duda-mudekin hasi zen, baina partidak aurrera egin ahala, bere ohiko jokoa egiten hasi zen eta partida ona burutu zuen azkenean. Arerioak, aldiz,  Ioritz Arrizabalaga eta Markel Mujika, ez ziren ondo hasi, zalantza askorekin. Ioritzek  arerioek baino eskarmentu handiagoa eta joku hobea badu ere,  ez zuen asmatu tantua amaitzen, eta Markelek ere ez zuen bete egunik onena izan. Ondorioz,  Oxanek eta Oierrek aldea hartu zuten hasera-haseratik,  eta partidaren amaiera arte aldeari eustea lortu  eta txapelak jantzi zituzten. Oxan izan zen partidako jokalaririk onena,  eta   jokatu diren gazteen mailako bi Xare Irekiak irabazi ditu, eta ez da azkena izango; Oierrek, berriz, estrainekoa jantzi du. 
Segidan, IV. San Migel Xare Irekiaren finala  jokatu zen,  Jon Larronde- Oihan Borteyru eta Joxi Lopetegi-Sebas Moncada bikoen artean. Lau pilotariak joko bolada onean zirela eta Sebas Moncadaren jokoak  erabakiko zuela partida nioen aurreko kronikan,  eta  horrelaxe izan zen.  Sebasek, ondo baino hobeto eutsi zien Jon eta Oihanen erasoei, eta bera izan zen finaleko pilotaririk onena, eta euren alde partida erabaki zuena.  Joxik,  ondo baliatu zuen, Sebasen joku ona, eta aukera izan zuenean tantua, ohi bezala, erraz  amaitu zuen.  Ikaragarri jokatu zuten laurek eta ikuskizuna eman zuten, trinketea mukuru bete zuten zaleen gozamenerako. Azken emaitza, 38-40 izan zen Joxi eta Sebasen alde, baina estuagoa ere izan zitekeen, 39nako berdinketa izango zen pilotakadak, Oihan bera  jo eta amaitu zen partida. Hala ere, esan behar da, berdinketaren bat edo beste izan bazen ere,  Joxi eta Sebas partida osoan aurretik izan zirela, eta  Jon eta Oihan baino gehiago izan zirela. Hortaz, Joxi Lopetegi eta Sebas Moncadarentzat, merezitakogaraipena izan zela esan daiteke. Palmaresari begira, Joxi eta Sebas, berdinduak  dira, bakoitza bi garaipenekin.Ea nork lortzen duen hirugarrena! 
Gorka Murua eta Leti Aristi, Irurako alkatea eta zinegotzia,  hurrenez hurren, JoseRamon Arruabarrena, SMG  entrepresakoa,  Ramuntxo Borteyru, Iparraldeko Ligako Ordezkaria eta Julen Zabalegi, Ametsako Pilota Elkarteko ordezkaria izan ziren sariak banatzen .

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!