Larronde-Borteyru I eta Lopetegi-Moncada izango da IV. San Migel Xare Irekiaren finala

Erabiltzailearen aurpegia Ametsa Pilota Elkartea 2022ko ira. 26a, 14:25

Urriaren 1ean, 13:00etan, jokatuko da Irurako Ametsa trinketean.

Larronde-Borteyru I bikoak 40-24 nagusitasun osoz irabazi zuen finalerdia Borteyru II-Regerat bikoaren kontra. Faborito nagusiak ziren Jon eta Oihan, eta ez zuten hutsik egin. Partidaren hasiera-hasieratik aurrea hartu eta estutasun handiegirik gabe garaipena lortu zuten. Mati eta Toan, gazteak dira oraindik, eta maila ona badute ere, momentuz ez daude Jon eta Oihanen mailan.

Bigarren partida, Lopetegi-Moncada eta Saint Esteben-Drioleten artekoa, lehiatugoa aurreikusten zen, baina ez zen horrela izan. Joxi Lopetegik eta Sebas Moncadak hamar tantoko (15-5) aldea hartu zuten berehala, eta hartutako alde hori, ondo baino hobeto kudeatu zuten amaiera arte, partida 40-27 irabaziz. Xan eta Bruno alde hori murrizten saiatu baziren ere, ez zuten lortu, eta merezimendu osoz partida irabazi zuten Joxik eta Sebasek. Lau pilotariek euren onena eman zuten, eta tantu ikusgarriak eskaini zituzten, Ametsa trinketean bildu zen ikuslegoaren gozamenerako.

Hortaz, IV. San Migel Xare Irekia/ Irurako Udala Sari Nagusiaren finala, urriaren 1ean, 13:00etan Ametsa trinketean, Larronde-Borteyru I eta Lopetegi-Moncada bikoen artekoa izango da.

Finalerdi hauez gain, goizean, II. Gazteak Xare Irekiaren ligaxkako azken jardunaldia jokatu zen, eta finalerdiak erabakita geratu ziren.

Halsouet-Iturbe bikoak 40-20 irabazi zion Mendizabal- Vila bikoari, eta Arrizabalaga-Mujika bikoak 40-30 irabazi zion Zabalegi-Erro bikoari. Ondorioz, asteazkenean, irailak 28, 19:00etan hasita, finalerdiak jokatuko dira:
  1. Arrizabalaga-Mujika vs Mendizabal-Vila
  2. Halsouet-Iturbe vs Zabalegi-Erro

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!