II. Ametsa Xare Irekiak baditu irabazleak

Larrarte I- Mujika II, koskortuetan; Larrarte II- Mujika II emakumezkoetan; Yarza-Garmendia gaztetxoetan, eta Zabalegi-Heras gaztetan izan dira irabazleak.

Koskortuen mailan, Itoitz Larrarte-Naroa  Mujika bikoak 30-17 irabazi zion Xabat Zabalegi-Ander Mujika bikoari. Naroa eta Itoitz nagusi izan ziren; Naroak min handia egin zuen sakearekin, eta  Itoitz, ohi bezala, oso seguru aritu zen. Xabatek eta Anderrek ez zuten euren egunik onena izan, eta ohi baino huts gehiago egin zituzten. 
 
Emakumezkoen mailan, Alaine Larrarte-Naroa Mujika bikoak 35-32 irabazi zion Kamile Mendizabal-Uxue Iturbe bikoari. Naroa eta Uxueren arteko lehia oso polita izan zen. Nor baino nor aritu ziren bi atzelariak partida amaiera arte. Baina, azkenean, 32na egon ondoren, azken hiru tantoak Alainek eta Naroak egin zituzten, eta partida irabazi. Alaine eta Kamile ez ziren asko sartu jokoan, baina egin zutena nahiko ondo bete zuten, batez ere Alainek. 
 
Gaztetxoen mailan, Oier Yarza-Oier Garmendia bikoak 35-28 irabazi zion Ekhi Gibelalde-Adur Murua bikoari. Faboritoak ziren, eta ez zuten hutsik egin Oier Yarzak eta Oier Garmendiak.  Partidaren agintea beraiena izan zen; hasieratik aurretik jarri ziren, eta aldeari eusten jakin zuten amaiera arte. Hala ere, partidaren amaiera aldera, Ekhi eta Adur zertxobait piztu ziren, eta bi tantora hurbildu zitzaizkien; Oiertarrak zertxobait urduri jarri baziren ere, azken txanpa ona egin eta partida merezimendu osoz irabazi zuten. 
 
Gazteak mailan, Zabalegi-Heras bikoak, 40-28 irabazi zion Maiza-Iturbe bikoari. Partida estua aurreikusten genuen, eta partidaren erdira arte halaxe izan zen; hemendik aurrera, Julen Zabalegiren erasoko joko bikainari esker, eta Aimar Herasen laguntzarekin, markagailuan aldea egitea lortu zuten, eta partida estutasun handiegirik pasa gabe irabaztea lortu zuten. Ez zen Oiertarren egunik onena izan, ez batak ez besteak ez baitzuten tantoa amaitzen asmatu.  
 
Partida bakoitzaren amaieran sari banaketa izan zen, eta Ametsako ordezkariei lagunduz, bertan izan ziren Gorka Murua alkatea, eta Leti Aristi Kultur eta Kirol zinegotzia. Eskerrak eman Ametsa trinketera hurbildu den jende guztiari, eta nola ez, parte hartu duten jokalari guztiei, eta lagundu diguten guztiei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!