Amundarain-Iturbe III eta Yarza-Calonge, xareko Gipuzkoako txapeldunak

Erabiltzailearen aurpegia Ametsa Pilota Elkartea 2022ko apirilaren 6a

Koskortuen mailako, emakumezko zein gizonezko, xareko Gipuzkoako Txapelketako irabazleak izan ziren.

Ostiral iluntzean, mukuru beteta zegoen Ametsa trinketean, jokatu ziren koskortuen mailako,  emakumezko zein gizonezko, xareko Gipuzkoako Txapelketako finalak. Maddi Amundarain eta Ianire Iturbe, emakumeen mailan, eta Oier Yarza eta Ander Calonge, gizonezkoen mailan, izan ziren irabazle, Paule Fernandez-Uxue Iturbe eta Ekhi Gibelalde-Ibai Larrañaga bikoei, hurrenez hurren, irabazita. 

Emakumeen partida oso lehiatua izan zen, eta, hasiera-hasieratik, bi bikoteek irabazi egin nahi zutela agerian geratu zen. Haserako urduritasunak uxatuta, euren jokoa egiten hasi ziren, eta oso ondo jokatu zuten lau pilotariek. Markagailua ere oso orekatua izan zen partida osoan zehar, berdinketa ugarirekin, eta azken momentura arte ez zen erabaki finala.

Azkenean, Maddik eta Ianirek 35 eta 32 irabazi zieten Paule eta Uxueri.

Gizonezkoen partidak ikusmin handia sortu zuen irurarren artean, etorkizun handiko lau xare jokalari aurrez-aurre arituko zirelako.  

Partida hasera orekatua eta zirraragarria izan zen, eta tanto zoragarriak ikusi genituen. Lau pilotariek ondo baino hobeto jokatzen ari ziren, baina partida erditik aurrera Oier Yarzak eta Ander Calongek berean jarraitu zuten bitartean, Ekhi Gibelaldek eta Ibai Larrañagak, tanto batzuk atzetik jarri zirenean, euren  errendimenduan behera egin zuten, eta partidatik atera  egin ziren. Azkenean, Oierrek eta Anderrek 35 eta 22 irabazi zieten Ekhiri eta Ibairi. 

Amaitzeko, Federazioko, Irurako Udaleko eta Ametsa Pilota Elkarteko ordezkariek emandako sariekin  eman zitzaion amaiera jaialdiari. 

Eskerrak eman irurarrei emandako erantzun bikainagatik! Zorionak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!