Iturbe eta Lopetegi, xareko bi historiko, Gipuzkoako Xare Txapelketako finalean

Erabiltzailearen aurpegia Ametsa Pilota Elkartea 2022ko martxoaren 17a

Xareko bi historiko -Iturbe vs Lopetegi- Gipuzkoako xare Txapelketeko finalean
Xareko bi historiko -Iturbe vs Lopetegi- Gipuzkoako xare Txapelketeko finalean

Ostiralean, martxoak 18, 19:30ean jokatuko da Irurako Ametsa trinketean Gipuzkoako Xare Txapelketako nagusien mailako finala, Maiza-Lopetegi eta Iturbe I-Iturbe II bikoteen artean.  

Munduko bi xarelari erreferente izan diren Iñax Iturbe eta Joxi Lopetegi nor baino nor ikusteko aukera izango dugu ostiralean, Irurako Ametsa trinketean. Munduko txapeldunak, biak ala biak, bai 22 urtez azpiko mailan bai nagusien mailan. Horrez gain, xareko nazioarteko txapelketa, torneo, masters eta ireki  garrantzitsuenak irabazitakoak biak.
 
Joxi Lopetegi oraindik goi mailan jokatzen ari da. Iñax Iturbek bereziki prestatu du txapelketa hau, bere semearekin jokatzeko aukera berezi honek izugarrizko ilusioa eta bere ametsetako bat betetzea suposatzen ziolako. Ikuskizuna bermatuta dago ostiralean, 19:30ean, Ametsa trinketean, eta, gainera, herritarron errekonozimendua ere merezi dute, bai Iñaxek bai Joxik. Eman diezaiegun, bada!
 
Oier Maiza, gaztearekin jokatuko du Joxi Lopetegik, eta Oier semearekin, Iñaxek. Bi gazte hauek ere indarrean datoz, eta xareko bi erreferente hauekin jokatzeak, ilusioaz gain, ikasgai ederra jasotzeko aukera ere emango die. Oier eta Joxi dira faborito txapelak janzteko, ligaxkako partida guztiak, Iñax eta Oierren kontrakoa izan ezik (40-35), erraz samar irabazi dituztelako, baina finaletara ailegatu eta jokatu egin behar izaten direla esan ohi da pilota munduan, eta Iñax eta Oier jokatzera aterako dira, hori seguru. Xareko partida eder baten atarian gaudela ez dago zalantzarik. Hortaz, badakizue, ostiralean, 19:30ean, Ametsa trinketean dugu hitzordua iruratarrok. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!