Ohorezko matrikula Ametsako xarelarientzat!

Erabiltzailearen aurpegia Ametsa Pilota Elkartea 2021eko azaroaren 15a

Hamaika bikote lehian, hamar partida, hamar garaipen! 

Ametsako pilotariek    Iparraldeko   xare txapelketan, Gazte eta Gaztetxo mailan,  asteburuan  egindakoa izugarria izan da. 
 
Ostiralean, Ametsa trinketean jokatu zen derbian, Zabalegi-Mujika bikoak 40-30 irabazi zion Mendizabal-Huitzi bikoari. Zabalegi-Mujika bikoa zen faborito,  baina ez zion hasera ona  eman partidari.  Mendizabal-Huitzi bikoa,  berriz,  sendo eta eraginkor jokatzen hasi zen, eta  haseran alde txikiak baziren ere, partida erdirako 17-25 aurreratu ziren Matxalen eta Gorka.  Bazirudien ezustekoa izango genuela,  baina 18. tantua egiteaz bat,  Julenek eta Markelek,  atsedena eskatu zuten, lasaitu -batez ere Julen-  eta segidan  12-0 partziala eginda, 30-25 aurrea hartzea lortu zuten. Hemendik aurrera  beste partida bat ikusi genuen;  lortutako aldea handiagotzen joan ziren Julen eta Markel.  Matxalen eta Gorka, berriz,  ezinean aritu ziren partidaren azken zatian, ez beraien  erruz, Julen eta Markelen erakustaldiagatik baizik.      
 
Larunbatean, Oragarren(Nafarroa Beherea) zuten hitzordua irurarrek. Lehen partidan, ostiralean garaile izan ziren Zabalegi-Mujikak  Amikuzeko  Arhie-Tartas bikoaren kontra 40-8 erraz nagusitu ziren. Emaitzak erakusten du Ametsakoen nagusitasuna.  Bigarren partidan, Isasa-Iturbe bikoak 40-30 irabazi zion Amikuzeko Arhie-Tartas biko berari. Partida hau lehiatuagoa izan bazen ere, Ikerrek eta Oierrek partida izugarririk egin  gabe, erraz  samar lortu  zuten garaipena. 
 
Igandean, bete-beteko xare eguna izan genuen Ametsa trinketean,  eta  Iparraldeko Ligako ligaxkako Gaztetxoen  mailako azken  jardunaldia jokatu zen.
 
Batetik,  Ametsako 3 talde( Maiza-Lopetegi; Murua-Aristi; Larrañaga-Heras),  eta,    bestetik,  Goizeko  Izarrako talde bat eta Urruñarrak taldeko bi talde. 7 partida jokatu ziren, eta 7ak irabazi zituzten irurar pilotariek.  Maiza-Lopetegik, bitik bi (40-18/ 40-25); Murua-Aristik ere bitik bi (40-18/40-39)  eta Larrañaga-Herasek, hirutik hiru (40-33/ 40-22/40-32). 
 
Ondorioz, Gaztetxoen mailako  ligaxka amaituta, Ametsako hiru taldeak sailkapeneko lehen hiru postuetan sailkatu dira: 1. Maiza-Lopetegi 2. Murua-Aristi 3. Larrañaga-Heras.
 
Maiza-Lopetegi eta Murua-Aristi finalerdietarako zuzenean sailkatu dira, eta Larrañaga-Heras bikoak final-laurdenak jokatuko ditu Goizeko Izarrako bikoaren kontra. Bejondeiela!!! Zorionak!!!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!