Ostegunean, III. San Migel Xare Irekiko lehen finalerdia Larronde-Etxebest eta De Paredes-Funosas bikoen artean jokatu zen. Partida estua eta lehiatua espero zen, baina ez zen horrela izan. Larronde-Etxebestek nagusitasun osoz 40-19 irabazi zien De Paredes-Funosasi. Irabazle biak oso ondo aritu ziren, Bixente Etxebest, gibeleko pilotari bidartarra bereziki. Jon Larronde aitzinekoak, bikain bete zuen bere lana, aukera zuelarik tantoak amaituz. Galtzaileek, De Paredes-Funosasek, ez zuten euren eguna izan, eta hori emaitzak erakusten du argien.
Ostiralean, bigarren finalerdia Borteyru anaiek eta Lopetegi-Petrisans bikoen artean jokatu zen. Partidak bi zati desberdin izan zituen. Hasieran Borteyru anaiak nagusitu ziren, Lopetegiri jokoan sartzen ez ziotelako utzi, eta Petrisansek ezin izan zielako eutsi. Horrela, azken hamarkadara, alde ederrarekin heldu ziren anaiak (33-25), baina hortik aurrera, Lopetegi jokoan gehiago sartzen hasi zen, eta Petrisans, atzean sendoago. Ondorioz, 38-39 aurreratzea lortu zuten, baina azken bi kintzeak Borteyru anaienak izan ziren, eta partida irabazi zuten.
Igandean,berriz, I. Gazteak Xare Irekiaren finalerdiak jokatu ziren. Lehen finalerdia, Ametsako lau pilotari gaztek jokatu zuten, eta Zabalegi-Mujika biko faboritoak ez zuen hutsik egin, Maiza-Iturbe bikoari 40-25 irabaziz.
Partida erdira arte, galtzaileek, Maiza-Iturbek, ondo eutsi zien Zabalegi-Mujika irabazleei, baina hortik aurrera, pixkanaka, aldea egiten joan zen Zabalegi-Mujika bikoa, partida irabazi arte.
Bigarren finalerdian, Halsouet-Vila bikoak ere nagusitasun osoz, 40-19, irabazi zion Mendizabal-Heras bikoari. Hasieratik hartu zuten aldea irabazleek, eta partida eroso eraman zuten amaiera arte.