Ostiralean, I. Gazteak Xare Irekiaren azken jardunaldia jokatu zen Irurako Ametsa trinketean. Lehen partidan, Urruñako Halsouet-Vila bikoak 40-28 irabazi zion Ametsako Lopetegi II-Isasa bikoari. Urruñarrek nagusitasuna hasera-haseratik erakutsi arren, partida entretenigarria ikusi genuen. Emaitza honekin, Lopetegi-Isasa bikoa txapelketatik kanpo geratu da; Halsouet- Vila, berriz, multzoko lehenak.
Bigarren partidan, Ametsako Maiza-Iturbe bikoak 40-31 irabazi zion Hazparneko Francesena-Bonetbelche bikoari. Partida estua izan zen azken hamarkada arte. Horretara, hazpandarrak aurretik iritsi ziren 30-29 baina azken txanpan irurarrek joko hobea egin zuten, eta 11-1eko partziala eginda, 31-40 irabaztea lortu zuten. Ondorioz, Oier Maiza eta Oier Iturbe multzoko lehenak geratu dira; Mikel Francesena eta Tomas Bonetbelche, berriz, txapelketatik kanpo.
Larunbatean, berriz, III. San Migel Xare Irekiaren ligaxkako azken jardunaldiko bi partidak jokatu ziren. Lehen partida, De Paredes-Funosasek eta Apeztegia-Moncadak jokatu zuten. De Paredes-Funosas irabaztera behartuta zeuden txapelketan jarraitu nahi bazuten, eta, gainera, gutxienez 6 tantoko aldea baino gehiagoz. Hori dela eta, hasieratik erasokor eta ausart jokatzen hasi ziren, eta aldeak egiten hasi ziren. Azkenean 40-25 partida irabazi eta helburua lortu zuten, sailkatzea, alegia. Apeztegia-Moncada bikoa, berriz, txapelketatik kanpo geratu da.
Bigarren partidan, lehen multzoko lehen eta bigarren postuak erabakitzeko Lopetegi-Petrisans eta Larronde-Etxebest bikoek jokatu zuten. Larronde-Etxebest hasieratik partidan sartuta atera ziren, Lopetegi-Petrisans ez bezala. Pixkanaka-pixkanaka aldeak egiten joan ziren, eta 40-32 irabazi zuen partida Larronde-Etxebest bikoak.
Ondorioz, Larronde-Etxebest, multzo honetako lehenak eta Lopetegi-Petrisans bigarrenak geratu dira.
Datorren asteburuan, ostiralean, irailak 24, 18:30ean, III. San Migel Xare Irekiko, eta igandean, irailak 26, 11:00etan, I. Gazteak Xare Irekiko finalerdiak jokatuko dira.