Ostegunean, irailak 2, 18:00etan, hasiko da Irurako Ametsa trinketean, I. Gazteak Xare Irekia. Ametsa Pilota Elkarteko 4 bikote eta Urruñako eta Hazparneko bikote bana izango dira lehiakide. Bi multzotan banatuta, ligaxka jokatuko dute, irailaren 2an, 11n eta 17an. Multzo bakoitzeko bi lehenak sailkatuko dira finalerdietarako. Hauek, irailaren 25ean jokatuko dira. Eta finala, urriaren 2an, jokatuko dute irabazleek.
Lehen jardunaldian, bi partida jokatuko dira; lehenean, Zabalegi- Mujika bikoak Montero-Isasa bikoaren kontra jokatuko du. Eta bigarrenean, Mendizabal-Heras bikoak, Maiza-Iturbe bikoaren kontra.
Ostiralean, irailak 3, III. San Migel Xare Irekia/Irurako Udala Sari Nagusia hasiko da. Urtero bezala, munduko xarelari onenek parte hartuko dute bertan; Iparraldeko hamar xarelari eta bi irurar –Lopetegi eta Apeztegia– sei bikote osatuz. Sei bikoteak, bi multzotan banatuta, irailaren 3an, 12an eta 18an ligaxkako partidak jokatuko dituzte, eta multzo bakoitzeko bi lehenak sailkatuko dira finalerdietarako. Hauek, irailaren 24an jokatuko dira. Eta finala, urriaren 2an, jokatuko dute irabazleek.
Lehen jardunaldian, ostiralean, irailak 3, 18:30ean, partida hauek jokatuko dira: lehenean, Lopetegi-Petrisans bikoak, Etxeberri-Karrikaburu bikoaren kontra jokatuko du, eta bigarrenean, De Paredes-Funosas bikoak, Borteyru II- Borteyru I anaien kontra.
Partidak ikustera datorrenari, indarrean dauden Covid-19 neurriak bete behar direla jakinarazi nahi diegu. Errespeta eta bete ditzagun!