Xareko txapeldun berriak Ametsa trinketean

Erabiltzailearen aurpegia Ametsa Pilota Elkartea 2021eko maiatzaren 18a

Larunbatean, goizez eta arratsaldez, jokatu ziren Iruran.

I. Irurako Xare Irekiaren Gaztetxoak mailako finalarekin eman zitzaion hasera egunari. Murua II-Arsuagak,  Murua I- Calongeren kontra jokatu zuten. Lehenak ziren faborito, ligaxkako partida guztiak irabazita zetozelako, baina Murua I- Calongek 30-22 irabazi zieten. 

Bigarren partida, Gazteak mailako finala,  Galartza II-Aristik eta Maiza-Herasek jokatu zuten. Hemen ere, lehenak, ligaxkan partidarik galdu gabe eta finalerako zuzenean sailkatuta, faborito bezala zetozen, baina Maiza-Herasek pronostikoak hautsi eta partida serio bat eginez, 35-25 irabazi zuten. 

Goizeko hirugarren partida, Nagusiak mailako Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten, Lopetegi-Moncadak  Sainz-Apeztegia I.aren kontra. Aurreko bi partidetan ezusteko txiki batzuk izan baziren ere, hirugarrengoan Lopetegi-Moncadak ez zieten aukerarik eman Sainz-Apeztegia I.ari, eta 40-14  irabazi zieten.  

Arratsaldez, Emakumezkoak mailan, Mujika-Gorriti bikoa zen faborito, baina Goenaga-Fernandez bikoa gehiago izan zen, eta partida gogor baten ostean,  merezimendu osoz 35-30 irabazi zuen. 

Jardunaldia amaitzeko, jubenilak mailako Gipuzkoako Txapelketa izan dugu jokoan. Mendizabal- Isasa bikoa zen faborito, eta ez du hutsik egin, eta  40-37 irabazi dio Zabalegi-Iturbe bikoari. Hala ere, Zabalegi-Iturbe ezustekoa emateko zorian egon dira. Hauek partidari hasera ikusgarria eman diote, eta  bikain jokatuz, 10-21, 14-27 eta 20-30 aurrea hartuta izan dira. Partida hauen alde erabakita zirudienean, jokoa aldatzea eta arriskatzea erabaki dute Mendizabalek eta Isasak, eta asmatu egin dute. Bat-batean, 37-31 aurretik jarri dira. Tarte honetan, 24-31 tantoan, Mendizabalek pilotakada bortitza jaso du aurpegian, baina sustoa baino ez da izan. Izotz pixka bat jarri, eta amorru biziz, kantxara itzuli da, erasoan jarraituz, eta pixkanaka partida iraultzea  lortu dute, 39-33 aurretik jarriz. Galtzaileek ez dute amore eman, eta 39-37ra gerturatzea lortu dute, baina ezin izan dute ezustekoa burutu. Oso gutxitan ematen dira horrelako bueltak, baina ez da lehenengoa izan eta ez da azkena izango. Pilota borobila baita! 

Ametsa Pilota Elkarteak zorionak eman nahi dizkie parte hartu duten pilotari guztiei.
Gora xarea!!! Eta gora Irura!!!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!