Xareko finalak jokatuko dira larunbatean, Iruran

Erabiltzailearen aurpegia Ametsa Pilota Elkartea 2021ko mai. 13a, 11:57

Goizez eta arratsaldez  jokatuko dira partidak, Irurako Ametsa trinketean.

Xareko I. Irurako Irekiak  eta Gipuzkoako Txapelketen finalak jokatuko dira larunbatean, maiatzak 15, goizez eta  arratsaldez, Irurako Ametsa  trinketean. 

Goizez, 11:30ean,  Gaztetxoak mailako Murua II-Arsuagak, Murua I - Calongeren kontra jokatuko dute. Bi aurrelariak, anaiak eta bikiak, antzeko jokoa dute, eta,  atzean ere,  Arsuaga eta Calongeren artean ez dago alde nabarmenik .Hala ere, Murua II-Arsuaga dira faboritoago, jokatutako  partida guztiak irabazi dituztelako. 

Bigarren partidan, Gazteak mailako Galartza II-Aristik, Maiza- Herasen kontra jokatuko dute. Galartza-Aristi dira faborito, nagusitasun handiz irabazi dituztelako partida guztiak, baina Maiza-Heras bikoak gora egin du azken bi partidetan. Hortaz, final  irekia aurreikusten da. 

Hirugarren partidan, Nagusiak mailako, Lopetegi-Moncadak Apeztegia I-Sainzen kontra jokatuko dute.  Lopetegi-Moncada dira faborito argi eta garbi. Ea Apeztegia I-Sainz bikoa ezustekoren bat emateko gai den.

Arratsaldez, 15:30ean, Emakumezkoen txanda izango da. Mujika II- Gorriti bikoa,  Goenaga-Fernandez bikoaren kontra arituko da.  Mujika, gaztea da oso, eta ez dago maila honetako partidak jokatzen ohitua.  Hor egon daiteke partidaren gakoa. Gorriti ondo aritu da orain arteko partidetan, eta eskarmentua duenez, oraingoan ere erantzungo du.  Goenaga- Fernandez, berriz, biko orekatua da, eta lehen partida galdu bazuten ere, geroztik gora egin dute,  eta bikote arriskutsua izango da finalean.

Ondoren, xareko azken partidan, Gipuzkoako jubenil mailako finala izango da jokoan. Mendizabal-Isasa II.ak, Zabalegi-Iturberen kontra jokatuko dute. Mendizabal-Isasa II bikoak jokatutako partida guztiak nahiko erraz irabazi ditu, baina finalak desberdinak eta arriskutsuak dira. Hauek orain arte bezain fin eta ondo jokatu beharko dute, Zabalegi-Iturbe bikoak gora egin du eta. 


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!