I. Irurako Xare Irekien eta Gipuzkoako Xare Txapelketako finalerdiak jokatu ziren larunbatean Irurako Ametsa trinketean.
Jardunaldiko haserako partidan, Gaztetxo mailako Murua I-Calongek 30-15 hartu zituzten mendean Gibelalde- Etxeberria. Haseran gauzak estu samar joan ziren, baina partidaren erditik aurrera, Murua I- Calonge aldea handitzen joan ziren, eta, azkenean, emaitzak erakusten duen moduan, garaipen erraza lortu zuten.
Bigarren partidan, Gazteak mailako Maiza-Heras bikoak 35-30 mendean hartu du Mendiluze-Lopetegi bikoa. Partida lehiatua izan zen, eta azken unera arte ez zen erabaki. Irabazleak partida osoan abantail txikiekin aurretik ibili ziren, baina arriskua ikusten zen, Maiza-Herasen nagusitasuna ez zelako erabatekoa, eta Mendiluze-Lopetegik ez zuelako azkenera arte etsi. Baina, azkenean, ez zen ezustekorik izan, eta Maiza-Heras bikoak finalerako txartela eskuratu zuen.
Hirugarren partida Emakumezkoak mailako Goenaga-Fernandez eta Galartza I-Isasa I.ren artekoa izan zen. Haseran, Galartza I-Isasa I bikoa alde txikiekin aurretik ibili zen, baina, azken unean, Goenaga-Fernandez bikoa seguruago aritu zen, eta 35-28 irabazita, finalerako txartela lortu zuen.
Azken partidan, jubenil mailako Gipuzkoako Txapelketan, Zabalegi -Iturbek ere lortu zuten finalerako txartela, Montero-Huitziri, partida estu eta gogor baten ostean, 40-34 irabazita.
Lau pilotariak bikain aritu ziren, eta azken uneko detaile txiki batzuek erabaki zuten partida.
Zabalegik, erasoan aukerak izan zituenean, ondo amaitu zituen tantuak, eta defentsan ere ondo aritu zen, Iturberi lagunduz; Iturbe, berriz, ondo baino hobeto aritu zen defentsan, eta aukera izan zuenean, erasoan ere, tantu eder batzuk egin zituen.
Montero-Huitzi ere ondo aritu ziren. Jokoa atzean kargatzen saiatu ziren, baina, lehen esan bezala, Iturbek ondo eutsi zien erasoei. Montero bikain aritu zen sakearekin, eta defentsan, huts batzuk egin bazituen ere, oso lan ona egin zuen. Huitzi ere oso ondo aritu zen, baina kontuan izanda Iturbek defentsan egin zuen lana, partida galduta gustora inoiz geratzen ez bada ere, hau ere egindakoarekin konforme egon daiteke.
Finalak, maiatzaren 15ean, goizez, 11:00etan, eta arratsaldez, 15;30ean, jokatuko dira Irurako Ametsa trinketean.