I. Irurako Xare Irekien eta Xareko Gipuzkoa Txapelketen sailkapenak, Gaztetxoena izan ezik, erabaki dira aste honetan.
Asteazkenean, Gaztetxoek jokatu behar zituzten heuren partidak, baina konfinamenduak direla eta, astebete atzeratu behar izan ditugu.
Ostegunean, Gazteen txanda izan zen, eta Mendiluze-Lopetegi eta Maiza-Heras partidan ez zegoen ezer jokoan. Multzoa erabakita zegoen aurretik, eta finalerako txartela, elkarren aurka jokatu beharko dute berriro bi bikoteek. Hala ere, jokatu beharra zegoen, eta partida polita jokatu omen zuten. Maiza-Herasek 35-31 irabazi zien Mendiluze-Lopetegiri. Bai batzuei bai besteei ondorioak ateratzeko balio izango zien.
Ostiralean, Emakumezkoek eman zioten hasera jardunaldiari. Fernandez II..ak -Mujikaren ordezkoa- eta Gorritik, Goenaga eta Fernandez I.aren kontra 33-35 galdu zuten. Fernandez II.a oso gaztea da, eta lehen aldia zen zuriz jokatzen zuela. Ondo baino hobeto moldatu zen, kikildu gabe, eta pilotari izateko dohaiak badituela erakutsi zuen. Partida osoan galtzaileak aurretik joan ziren: alde handirik gabe, baina aurretik, azkenean, 33-35 galtzen amaitzeko. Hala ere, emaitza honekin, Fernandez II (Mujika)-Gorriti bikoa multzoko lehenak geratu dira, hiru bikoteen arteko berdinketan aberage puntu alderik onena lortuta. Ondorioz, finalerako txartela zuzenean lortu dute. .
Galtzaileak, Goenaga-Fernandez I.a, bigarrenak geratu dira, eta hirugarren geratu diren Galartza I-Isasa II bikoaren kontra jokatuko dute finalerdia.
Segidan, Jubenil mailako mutilen txanda izan zen. Lehen partidan, Yeregi eta Lopetegik- Mujikaren ordezkoa- Zabalegi-Iturberen kontra. 31-40 galdu zuten. Irabazleak partida osoan aurretik joan ziren markagailuan, eta estuasun handiegirik gabe irabazi zuten. Lopetegi ere gaztea da, eta galdu arren, ondo aritu omen zen, eta ez zuen maila aldaketa gehiegi nabaritu.
Ondoren, Mendizabal-Isasak 40-34 irabazi zioten Montero-Huitziri. Hauek gaizki sartu ziren partidan, eta Mendizabal-Isasak aldeak azkar egin zituen (20-10; 25-15...) Baina azken zatian, Montero-Huitzi hobeto jokatzen hasi ziren, eta markagailuan hurbiltzea lortu zuten (35-28, 37-32, 38-34...) aurkariak zertxobait urduritzea lortu zuten, baina besterik ez.
Ondorioz, Mendizabal-Isasa, partidu bat faltan, multzoko lehenak geratu dira, eta finalerako zuzenean sailkatu dira.
Bigarren postuan, Zabalegi-Iturbe sailkatu dira, eta hirugarrenean, Montero-Huitzi. Bi bikote hauek jokatuko dute Jubenil mailako finalerdia.
Finalerdi guztiak, maiatzaren 8an, larunbata,10:00etan, Irurako Ametsa Trinketean jokatuko dira.