Urtebete xare txapeketarik gabe eman ondoren, aste honetan eman diegu hasera I. Irurako xare Irekiei eta Gipuzkoako xare Txapelketei Ametsa trinketean.
Gaztetxo mailako pilotariak izan ziren Xare Irekiari hasera eman ziotenak, asteazkenean. Maila honetan 4 bikote ariko dira Txapelaren bila, eta ligaxkako lehen jardunaldian bi partida jokatu ziren.
Lehen partidan, Murua I - Calonge bikoak 30 eta 25 irabazi zion Gibelalde - Etxeberria bikoari. Lau pilotariak haserako urduritasuna alboratuta, oso ondo aritu ziren, eta partida ona eskaini ziguten Ametsa Trinketean bildutakoei.
Bigarren partidan, Murua II.-Arsuaga bikoak 30 eta 20 irabazi zion Yarza- Melon bikoari. Oier Yarzak, Oier Garmendiaren ordez jokatu zuen, hau min hartuta dagoelako. Yarza oso gaztea da, eta, gainera, maila honetan jokatzen zuen lehen partida zen. Hala ere, oso maila ona eman zuen, eta galdu arren, etorkizuna badaukala erakutsi zuen. Melon, berriz, ezinean aritu zen partida osoan, Murua II-Arsuaga bikoaren joa nagusi izan zelako.
Ostegunean, Gazte mailako pilotarien txanda izan zen. Maila honetan 3 bikote ariko dira, eta ligaxkako lehen partidan, Galartza II-Aristi bikoak 35 eta 29 irabazi zion Maiza-Heras bikoari. Galtzaile izan zen Maiza-Heras bikoa ez zen ondo hasi, eta Galartza II -Aristi bikoak, partida erdi aldera, abantaila handiak lortu zituen (15-8 eta 20-12). Hemendik aurrera Maiza eta Heras hobeto jokatzen hasi ziren, eta azken txanpan 29-27 hurbildu bazitzaizkien ere, Galartza II- eta Aristi 35-29 nagusitu ziren.
Ostiralean, Emakumezkoen txanda izan zen. Maila honetan ere 3 bikote ariko dira, eta lehen partida Galartza I-Isasa eta Mujika-Gorriti bikoen artekoa izan zen. Naroa Mujikaren kasua ere aipagarria da. Hau ere, Yarza bezala, oso gaztea da, eta maila honetan inoiz jokatu gabe zegoen. Hala ere, Gorritiren sendotasuna baliatuz, 35 eta 24 irabazi zioten Galartza I- Isasa bikoari.
Astea amaitzeko, larunbatean, 10:00etan, Nagusi mailako Gipuzkoako Xare Txapelketako partida jokatu zen. Apeztegia I- Sainz bikoak 40-32 irabazi zion Santano-Apeztegia II bikoari. Partida estua izan zen azken hamarkada iritsi arte, baina, honetan, Apeztegia I- Sainz bikoa gehiago izan zen., eta ligaxkako lehen puntua heureganatu zuten.