II. San Migel Xare Irekiaren finalerdiak jokatu ziren Irurako Ametsa trinketean, larunbatean. Lehen partidan, Lopetegi-Karrikaburu bikoak nagusitasun osoz, 40-22, irabazi zuen Borteyru III-Sistiage bikoaren kontra. Partidaren haserako tantoetan partida gogorra eta lehiatua ikusiko genuela zirudien, baina gure usteak erdia ustel. Haserako parekotasunaren ondoren, Lopetegi-Karrikaburu bikoak aurrea hartu zuen, eta partidaren erdirako 10 tantoko aldea irekitzea lortu zuen. Hortik aurrera, Joxi Lopetegi irurarrak eta Jerome Karrikaburuk, elkarrekin ondo baino hobeto ulertuz eta huts gutxi eginez, aldea handitzea lortu zuten. Azken emaitza, 40-22, nagusitasun horren erakusle da. Mati Borteyru- Joel Sistiage bikoak inoiz ez zuen lortu Lopetegi-Karrikaburu bikoa estutasunean jartzea. Ondorioz, Lopetegi-Karrikaburu bikoa Xare Irekiaren finalean izango da. Pozik ziren irabazleak, eta Hazparneko Xareko Mastersa elkarrekin jokatu eta finala galdu ondoren, Irurako Xare Irekia irabazi nahi zutela adierazi zuten partidaren amaieran.
Bigarren partidan, Etxeberri-Funosas bikoak 40-32 irabazi zion Driolet-Moncada bikoari, eta finalerako txartela lortu zuen. Partida gorabeheratsua eta abiadura eta erritmo handiz jokatua izan zen. Etxeberri-Funosas bikoak hasera ona eman zion partidari, eta hiruzpalau tantoko aldearekin ibili zen partidaren lehen erdira iritsi arte. Hemen lortu zuen Driolet-Moncada bikoak lehen berdinketa, 21na, eta partidako zatirik ikusgarriena jokatu zuten lau pilotariek, eta Driolet-Moncada bikoak 28-31 aurrea hartzea lortu zuen, hamar tantoko partzial bikaina jokatuz. Partida gogorra zihoan oso, eta sarri gertatzen den moduan, holakoetan jokalariren batek huts egin ohi du, eta oraingoan ere horrelaxe izan zen, Moncadak ezin izan zion erritmoari eutsi, eta Etxeberri-Funosas bikoak 12-1eko partziala eginez, 40-32 partida irabaztea lortu zuen. Hauek ere finala irabazteko itxaropena dutela adierazi zuten partida amaitutakoan. Bitxia eta ikusgarria izango da Lopetegi eta Funosas elkarren kontra jokatzen ikustea, azken urteetan xareko bikorik onenetakoa izan delako. Etxeberrik ere irabaztea du helburu. Iaz ere finala jokatu eta galdu egin zuelako.
Ondorioz, hurrengo larunbatean, urriak 3, 17:00etan, Lopetegi-Karrikaburu eta Etxeberri-Funosas bikoek jokatuko dute II. San Migel Xare Irekia/Irurako Udala Sari Nagusiaren finala.
Gogoratu finala zuzenean ikusi nahi duenak sarrera Irurako Udalaren web orrian sartu eta erreserbatu behar duela, Trinketearen leku kopurua mugatua delako. Zuzenean ikusi ezin duenarentzat, finala internet bidez ere emango da.