II. San Migel Xare Irekiko finalerdiak erabakita

Erabiltzailearen aurpegia Ametsa Pilota Elkartea 2020ko ira. 20a, 21:57

Ezusteko handiegirik ez zen izan ligaxkako azken jardunaldian.

II. San Migel Xare Irekiko azken jardunaldia jokatu zen larunbatean Irurako Ametsa trinketean, eta finalerdiak erabakita geratu ziren.

Lehen partidan, A multzoko lehen eta bigarren postuak zeuden jokoan, Lopetegi-Karrikaburu eta Driolet-Moncada bikoen artean. Lopetegi-Karrikaburu bikoak haseratik hartu zuen aldea eta pixkanaka alde hori handitzen joan zen, 40-26 azken emaitza lortu arte. Sendo eta tinko aritu ziren partida osoan irabazleak, eta aurkariek ez zuten zirrikiturik aurkitu Joxi Lopetegi herritarra eta Jerome Karrikaburu estutasunean jartzeko. Bi aurrelariek izugarrizko abiadura eta ikusgarritasuna eman zioten jokoari, batez ere Joxi Lopetegi herritarrak. Hori dela eta, atzelariek izugarrizko lana egin behar izan zuten defentsan. Gainera, Karrikaburu erasoan ere bikain aritu zen, eta tanto ikusgarriak eskaini zizkigun. Moncada, aldiz, pilotaren atzetik ibili zen gehienetan, inoiz pilota mendean izan gabe. Azken emaitzak kantxan gertatukoa baino ez du islatzen. Ondorioz, Lopetegi-Karrikaburu multzoko lehen postuan sailkatu dira, eta Driolet-Moncada bigarren.

Bigarren partidan, B multzoko finalerdietarako sailkapena zegoen jokoan eta hori partidaren hasieran agerian geratu zen, pilotariak nahiko urduri hasi zirelako. De Paredes-Borteyru bikoa hobeto hasi zen, eta alde txiki batzuekin aurrea hartu zuen. Baina, Etxeberri-Funosas bikoak asko zuen jokoan eta ez zegoen amore emateko, eta 13na berdindu ondoren, aurrea hartu eta ez zion jokoaren ekimenari utzi partidaren amaiera arte, eta partida 40-26, nahiko erraz, irabazi zuen. Bikote irabazlean, Etxeberriren joa nabarmendu behar da, eta, gainera, gaurkoan, aurrekoan ez bezala, gutxi galdu du. Mikel Funosasek, berriz, ohiko sendotasuna erakutsi du, eta honek normalean gutxi galtzen duenez, azken emaitza esanguratsua eta argia da.

Galtzaileek, ez dute euren egunik onena izan, eta markagailuaren presiopean jokatu dutela esan daiteke, finalerdietarako sailkatzeko 29 tanto egitea nahikoa zutelako. Eneko De Paredes eta Oihan Borteyru, biak ala biak, pilotari gazteak dira, eta presiopean jokatzen oraindik ez daude ohituta. Mikel Funosas, aldiz, beteranoa da, eta ondo baino hobeto irakurri zuen partida, eta Etxeberriren egun ona kontuan izanda, B multzoko lehen postuan geratu dira, eta galtzaileak kanporatuak geratu dira. Emaitza honekin multzoko bigarrena, Borteyru III-Sistiage bikoa sailkatu da.

Ondorioz, larunbatean, irailak 26, 17:00etan, finalerdiak jokatuko dira. Lehen partida, Lopetegi-Karrikaburu bikoa Borteyru III-Sistiage bikoaren kontra. Eta bigarrena, Etxeberri-Funosas bikoa Driolet-Moncada bikoaren kontra  izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!