Xare modalitateko pilotari onenek parte hartuko dute irailaren 5ean, larunbatean, hasi eta urriaren 3an amaituko den Bigarren San Migel Xare Irekian. Sei bikotek parte hartuko dute bi multzotan banatuta eta multzo bakoitzeko bikoek, irailaren 5ean, 11n eta 19an ligaxka partidak jokatuko dituzte elkarren aurka.
Multzo bakoitzeko bi lehen sailkatuek finalerdiak jokatuko dituzte, irailaren 26an. Eta irabazleek, finala, urriaren 3an, 17:00etan, jokatuko dute. Finalaren atarikoa, iaz bezala, herriko nesken arteko partida izango da.
Iparraldeko 10 pilotarik eta Irurako 2 pilotarik osatuko dituzte sei bikoteak. Herritarrei dagokionez, Lopetegik Karrikabururekin jokatuko du, eta Apeztegiak Sistiagerekin. Gainerako bikoteak, Driolet-Moncada, De Paredes-Borteyru, Larronde-Algaranondo eta Etxeverri-Funosas izango dira.
Lehen jardunaldia, irailaren 5ean izango da, 17:00etan Ametsa Trinketean. Lehen partidan, Driolet-Moncada bikoa Larronde-Algaranondoren aurka ariko da. Bigarrenean, De Paredes-Borteyru bikotea, Apeztegia-Sistiageren aurka neurtuko da.