Matxalen Mendizabalek eta Maider Isasak txapel historikoak lortu zituzten, larunbatean, Irurako Ametsa Trinketean.

Infantil nesken mailako historiako  Gipuzkoako lehen xare txapelketa irabazi dute. 

Larunbatean, otsailak 29, Irurako  Ametsa trinketean jokatu ziren xareko finaletan lortu zituzten heuren txapelak, Mendizabalek  eta Isasak, finalean, Naroa Goenaga-Nahia Gorriti bikoa, 30-18 menpean hartuta.

Hasera estua izan zuen partidak, eta Goenaga-Gorriti bikoak ondo eutsi zion Mendizabal-Isasa II bikoari, batez ere Gorritiren lan onari esker. Hala ere, partidaren erditik aurrera Matxalen Mendizabalen nagusitasuna agerian geratu zen, eta Maiderren laguntza onarekin, lasai antzean lortu zuten garaipena, txapel historikoak lortuz. Emakume mailako historiako lehen xare txapeldunak izan dira Matxalen Mendizabal eta Maider Isasa. Txapeldun-orde, berriz, Naroa Goenaga eta Nahia Gorriti izan dira. Eta ohorezko koadroa Nora Galartzak eta Irati Fernandezek osatu dute.  Zorionak  neskak!

Infantil mutilen mailako finala, Bernal-Lopetegi eta Yarza-Heras  bikoek  jokatu zuten. Bernal-Lopetegi ziren faborito, ligaxkan elkarren kontra jokatutako partidan erraz nagusitu zirelako, baina usteak erdia ustel, eta Yarza-Heras bikoak ezustekoa eman  eta 30-24 irabazi zuen. Oso partida ona jokatu zuten,   bai Yarzak bai Herasek, bikote lan ona osatuz.  Herasek ondo eutsi zien Lopetegiren erasoei atzealdean,   eta  Yarzak bikain aprobetxatu zuen,  bere bikotekidearen  defentsa ona,   tantuak ondo amaitzeko. Bernalek lan ona egin bazuen ere,  ezin izan zuen Yarzarekin. 

Kadete mailako mutilena izan zen azken finala,  eta Zabalegi-Isasa I bikoak nahiko erraz hartu zuen mendean Lopetegi-Huitzi bikoa, 35 eta 24 irabaziz. Ez zegoen faborito argirik. Lopetegi-Huitzi bikoak finalerdietan emandako maila onari esker,  aukerarik izan zezakeelako,  azken partidako mailan  jokatuta.  Baina ez zen hórrela izan, eta Julen Zabalegi eta Iker Isasaren mendean egon ziren partida osoan. Hauek oso partida ona jokatu zuten, eta ez zuten partida osoan ezusterako zirrikiturik utzi, huts gutxi eginez, eta defentsan bikain arituz. Horrez gain, erasoan ere  asmatu egin zuten  Julenek eta Ikerrek. 

 Ondorioz, Xubanek eta Gorkak, saiatu baziren ere,  ezin izan zuten ezer egin Julen eta Ikerren garaipena ekiditeko. 

Amaitzeko,  Federazioko, Udaletxeko eta Ametsa Pilota Elkarteko ordezkariek  sariak banatu zituzten eta bildutako jendearen txaloekin eman zitzaion amaiera 2020ko xareko Gipuzkoako Txapelketari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!