Naroa Goenaga, Nahia Gorriti, Nora Galartza eta Irati Fernandezek, inoiz ahaztuko ez duten esperientzia bizi izan zuten ostiral arratsaldean, ikusgarria eta jokatzeko zinez gustagarria den Hazparneko Trinket Berrian. Arratsaldeko 18:30ak baziren partida hasi zenean, eta harmailetan jende asko bildua zen ordurako. Uneak merezi zuen, Xareko Mastersaren inaugurazio ekitaldiaren atariko partidan, inoiz Iparraldean ikusi gabeko gertaera ikusteko parada izango zutelako bertan bidutakoek; Irurako lau neska gazte xarez jokatzen ikusiko zituztelako.
Horregatik edo, ohitura faltagatik agian, urduri samar hasi zuten partida lau pilotariek, baina partida aurrera joan ahala, lasaitu, eta heuren jokoa egiten hasi ziren, bildutako jendearen txaloak behin baino gehiagotan sorraraziz. Markagailuari dagokionez, partidaren azken hamarkada arte, parekatua joan zen, gorabehera handirik gabe. Eta horrela iritsi ziren azken hamarkadara ere, Naroa Goenaga-Nahia Gorriti bikoa 25-23 aurretik zirelarik. Baina, partidaren zati honetan Nora eta Irati ez ziren oso fin aritu, eta 10 eta 4ko partziala egin zieten Naroa eta Nahiak. Ondorioz, hauek 35 eta 27 irabazi zieten partida Nora eta Iratiri. Txalo zaparrada handi batekin agurtu zituen Irurako neska xarelariak, Trinkete Berrian bildutako ikuslegoak,.
Segidan, Mastersaren aurkezpen ekitaldia izan zen. Ikusgarria benetan, parte hartuko duten pilotari guztien kantxaratzearekin, abesbatzarekin, dantzariekin eta nola ez, gure lau neska pilotariekin, hauek ere beste guztiekin batera kantxaratzeko deituak izan baitziren, eskuzarta ikusgarria jasoz, xareko munduko pilotari onenen artera kantxaratu zirenean. Ez zaie berehalakoan ahaztuko Naroa, Nahia, Nora eta Iratiri, .ostiralean Hazparneko Trinket Berrian bizitutakoa,
Amaitzeko, eskerrak eman, Euskal Herriko Pilota Ligari, Hazparneko Noizbait Pilota Elkarteari, eta, bereziki, Ramuntxo Borteyru, antolatzaile eta pilotari lagun handiari, nesken partida hori jokatzeko gonbidapena luzatu eta jokatzeko aukera eman izanagatik, eta nola ez, baita xarearen alde egiten ari den lan eskergagatik ere.
Bejondeiela denei!!!