Ostiral arratsaldean jokatu zen infantil nesken arteko Ametsa 1(Galartza I-Fernandez)/ Ametsa 2(Goenaga-Gorriti) partida. Partida garrantzitsua bi bikoteentzat, irabazleak finalerako falta zen txartela eskuratuko zuelako. Bestea, Ametsa 3(Mendizabal-Isasa II) bikoak eskuratua zuen, oraindik partida bat jokatzeke izan arren. Haseran, Goenaga eta Gorriti sendo hasi ziren, eta aldea hartzea lortu zuten. Hala ere, Galartza I-Fernandez bikoa heuren jokoa egiten hasi zen, eta partida iraultzea lortu zuen, 23-20 aurretik jarriz. Partida, horien alde erabakiko zela zirudien, baina Goenaga-Gorriti bikoa berpiztu egin zen, Galartza-Fernandezen hutsegite batzuei esker, eta, amaieran, lasai antzean, 26-30, irabazi zuten Hortaz, Naroa Goenaga eta Nahia Gorriti izango dira finalean Matxalen Mendizabal eta Maider Isasaren aurka.
Larunbat arratsaldeko lehen partidan, infantil mutilen arteko Ametsa 2 (Yarza-Heras)/ Ametsa 3(Mendiluze-Aristi), finalerdietarako txartel bat zegoen jokoan. Partida hasera estua izan bazen ere, Ekhi Yarza-Aimar Heras bikoak aldea hartzea lortu zuen. Gero, Oier Maiza eta Arkaitz Mendiluzeren erasoei ondo eutsi zien. Gainera, partidaren erdialdetik aurrera, Oier, zertxobait jaitsi egin zen, astean zehar gaixorik ibili delako. Ondorioz, Ekhik eta Aimarrek, 30-18, erraz irabazi zuten partida.
Bigarren partida, Ametsa 4(Galartza II-Aristi)/ Ametsa 1(Bernal-Lopetegi), infantil mutilen artekoa hau ere. Partida garrantzitsua finalerako txartel bat erabaki zitekeelako. Eta halaxe izan zen, Ametsa 1( Bernal-Lopetegi) bikote faboritoak nahiko erraz hartu zuen menpean Ametsa 4(Galartza II-Aristi) bikoa. Ondorioz, Bernal-Lopetegi bikoa finalerako zuzenean sailkatu da. Galartza II-Aristi bikoak, berriz, Yarza-Heras bikoaren aurka jokatuko du finalerdia, datorren larunbatean, finalerako bigarren txartelaren bila.
Hirugarren partidan, kadete mailako Ametsa 3(Montero-Yeregi)/Ametsa 4(Mendizabal-Mujika), finalerdi bat zegoen jokoan. Partida ikusgarria izan ez bazen ere, emoziorik ez zen falta izan. Mendizabal-Mujika bikoak partida osoa menpean izan zuen, eta 10 tantutako aldea (24-14) edukitzera iritsi zen. Baina, Gonzalo hobeto sakatzen hasi eta Mikel seguruago jokatzen hasi zirenean, partida berdintzea eta 32-31 aurrea hartzea lortu zuten. Azken zati erabakioerrean, ordea, Matxalenek eta Markelek gehiago asmatu zuten , eta partida irabaztea lortu zuten, eta, bide batez, baita finalerdietarako txartela ere.
Azken partidan finalerako txartela zegoen jokoan, Ametsa 5(Zabalegi-Isasa I) eta Ametsa 2(Lopetegi-Huitzi) bikoteen artean. Haserako tantuetatik ikusi zen partida lehiatua eta estua izango zela. Bi bikoteak oso kontzentratuta atera ziren, eta zer joko mota egin behar zuten ondo prestatuta sattu ziren kantxara. Partida parekatua joan zen, eta ez bikote batek ez besteak alde handirik ez zuen lortzen. Azken zatian, Zabalegi-Isasa II-a 34-31 aurreratu ziren, eta partida beraiena izango zela zirudien. Hala ere, Lopetegi-Huitzi bikoak ez zuen amore eman, eta 34na berdintzea lortu zuen. Azken tantu erabakiorra, harmailetan zegoen jendearen, eta batez ere, pilotarien gurasoen, urduritasuna agerikoa zela jokatu zen, eta Julen Zabalegik eta Iker Isasak lortu zuten. Ondorioz, hauek zuzenean finala jokatuko dute, eta Xuban Lopetegik eta Gorka Huitzik finalerdia jokatu beharko dute Matxalen Mendizabal eta Markel Mujikaren aurka, datorren larunbatean Irurako Ametsa trinketean, finalerako bigarren txartela jokoan.