Ezustekorik ez larunbateko xare partidetan

Erabiltzailearen aurpegia Ametsa Pilota Elkartea 2020ko urt. 26a, 18:58

Faboritoek irabazi egin zituzten heuren partidak

Larunbatean, Irurako Ametsa trinketean Gipuzkoako xare Txapelketako jardunaldi berri bat jokatu zen. 

Lehen partida, Infantil mailako nesken artekoa izan zen, eta Ametsa 3(Mendizabal-Isasa II) bikoak  30 eta 13 irabazi zien Ametsa 2( Goenaga-Gorriti) bikoari. Berriro ere Matxalen  Mendizabalek erakutsi zuen besteak baino gehiago dela eta diferentziak ezartzen dituela nesken artean.   Galtzaileak, Naroa eta Nahia,   Matxalen  saihesten saiatu ziren,  baina oso gutxitan lortu zuten,  eta lortu zutenean, Maiderrek,  ondo bete zuen bere lana. 

Bigarren partida, infantil mailako mutilen artekoa, Ametsa 1(Bernal-Lopetegi) bikoak 30 eta 23 irabazi zien Ametsa 2(Yarza-Heras) bikoari. Irabazleak , Unaik eta Xubanek,   huts gutxi egin zituzten eta hasera-haseratik aurrea hartu eta lasai kontrolatu zuten partida. Galtzaileek, Ekhik eta Aimarrek, ez zuten beren maila eman. Aimar astean ondoezik ibili da, eta gaur oraindik erabat osatu gabe zegoen,  eta horrek bere joku-maila dezente baldintzatu du. Ekhi saiatu zen, baina  ezin izan zuen ezer egin. Unai eta Xuban gehiago izan ziren. 

Hirugarren partida,  infantil mailako mutilen artekoa hau ere, Ametsa 4(Galartza II-Aristi) bikoak 30 eta 18 irabazi zien Ametsa 3(Mendiluze-Maiza) bikoari. Irabazleak, Eñaut eta Aitor, haseratik  sartu ziren partiduan, eta azkar aldea irekitzea lortu zuten.   Galtzaileak, Arkaitz eta Oier, batez ere azken hau, urduri jarri zen,  eta estutu egin zen atzetik jarri zirenean. Ondorioz,    ez zuten bere mailarik eman, eta partida erraz galdu zuten.

Kadete mailako mutilen artekoa izan zen laugarrena, eta Ametsa 5(Zabalegi-Isasa I) bikoak,  35-20 uste baino errazago irabazi irabazi zien Ametsa 3(Montero-Yeregi) bikoari. Irabazleek,  serio ekin zioten partidari; Julenek ondo sakatu zuen eta tantu asko lortu zituen jokaldi honekin, eta Iker ondo moldatu zen atzeko koadroetan,   Gonzalo eta Mikelen  erasoei ondo eutsiz.  Partida aurrera joan ahala, aldea handitzen joan ziren irabazleak,  eta galtzaileak bere onetik  ateratzea lortu zuten. Horrez gain, Monterok ez zuen sakearekin asmatu, eta Yeregik ohi baino huts gehiago egin zituen, batez ere erreboteko pelotetan. Azkenean, merezitako garaipena lortu zuten Julenek eta Ikerrek, eta sailkapenaren  buruan dira, jokatutako hiru partidak irabazita. 

Bosgarren eta azken partidan, Ametsa 2(Lopetegi-Huitzi) bikoak 35 eta 26 irabazi zion Ametsa 1(Huarte-Itoitz) bikoari. Xuban Lopetegik jokatu zuen Oier Iturberen ordez, honek bezperan peronea pitzatu eta Txapelketari agur esan behar izan diolako. Xuban oraindik infantila da,  baina ondo baino hobeto moldatu zen kadeteekin. Oierren baja dela eta, berak jokatuko du Txapelketa Gorkarekin.  Hau  ere ondo aritu zen, haseran urduri samar hasi eta huts batzuk egin zituen arren.    Galtzaileen aldetik, Aitor Itoitzek bere nagusitasuna erakutsi beharko luke atzeko aldean, baina Txapelketak ez du momentu onean harrapatu, eta ez da bere maila ematen ari. Lander ahalegintzen da, baina lehen esan bezala, bere bikotekideak, Aitorrek,  eraman beharko luke bikotearen zama, Landerrek aukerarik izateko. 
Hurrengo jardunaldia, urtarrilaren 29an, asteazkena, jokatuko da. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!