Egun historikoa bizi izan genuen larunbatean, urtarrilak 11, Irurako Ametsa Trinketean bildutakoek. Historian lehen aldiz, xareko nesken arteko infantil mailako partida ofizial bat jokatu zen, 2020ko xareko Gipuzkoako Txapelketa barruan. Ametsa Pilota Elkarteko bi bikotek izan zuten ohore hori ; Matxalen Mendizabal eta Maider Isasak, batetik, eta Nora Galartza eta Irati Fernandezek, bestetik .
Partidari dagokionean, Mendizabal-Isasa I bikoa izan zen garaile, Galartza I-Fernandez bikoari 30-14 irabazita. Irabazleek, Mendizabalen joku bikainari esker eta Isasasaren laguntza estimagarriarekin, abantail polita hartu zuten hasera-haseratik, eta emaitzak erakusten duen moduan erraz irabazi zuten partida. Galartza I-Fernandez bikoa ondo aritu bazen ere, ezin izan zuen ezer egin, Mendizabal-Isasa I bikoak ez ziolako inolako aukerarik eman.
Mutilen infantil mailako partidan, Ametsa 2ko Yarza-Heras bikoak 30-19 irabazi zion Ametsa 4ko Galartza II-Aristi bikoari. Galartza II-Aristi bikoak ez zuen bere maila eman, eta Yarza-Heras bikoa sendo aritu zen partida osoan zehar, eta arazorik gabe lortu zuen lehen garaipena.
Kadete mailako lehen partidan, Ametsa 5eko Zabalegi-Isasa II bikoak nagusitasun osoz irabazi zion Ametsa 4ko Mendizabal-Mujika bikoari 35-16 irabaziz. Zabalegi sendo aritu zen sakearekin, eta, ondorioz, tantua amaitzen ondo asmatu zuen. Isasa ohi bezala seguru aritu zen , bikote lana ondo betez. Mendizabal-Mujika bikoa ezinean aritu zen partida osoan, eta ezin izan zuen ezer egin, arerioen joku ona eta eraginkorra gelditzeko.
Bigarren partidan, Ametsa 3ko Montero-Yeregi bikoak 35-21 irabazi zion Huarte-Itoitz bikoari. Monterok bikain sakatu zuen eta min handia egin zuen, jokaldi horrekin tantu asko eginez; Yeregik oso ondo lagundu zion behar izan zuenean, eta bikote sendoa osatzen dutela erakutsi zuten. Galtzaileak, berriz, ez ziren ondo aritu; Huartek ez zuen ia jokoan sartzeko aukerarik izan, eta Itoitzek ohi baino akats gehiago egin zituen. Gehiago jokatzen badakite.
Igandean jokatu zen mutilen infantil mailako jardunaldiko azken partida, eta Ametsa 1eko Bernal-Lopetegi bikoak , Ametsa 3ko Mendizabal-Maiza bikoari 30 eta 22 irabazi zion.
Bernal eta Mendizabalentzat estraineko partida ofiziala zen, eta, hori dela eta, urduri samar hasi ziren eta huts dezente egin zituzten haseran. Pixkanaka-pixkanaka jokoan sartu ziren, eta amaiera txukuna eman zioten biek partidari. Lopetegik eta Maizak, borroka polita izan zuten atzekoaldean, eta partidaren hainbat unetan nor baino nor estua eta borrokatua izan zuten, tantu ederrak jokatuz, bertan bildu ginenon gozamenerako.