Igande gazi-gozoa, irurarrentzat!

Erabiltzailearen aurpegia Ametsa Pilota Elkartea 2019ko abe. 22a, 13:38

Ez zen posible izan gaztetan, baina Joxi Lopetegik  beste txapel bat jantzi zuen.

Irurar xarelari gazteak  txapelik gabe itzuli dira herrira. Gonzalo Monterok eta Julen Zabalegik, Gorka Huitziren ordezkoak, 40-24 galdu zuten finala,  Senpereko Gantxiki trinketean,  Aviron Bayonnais taldeko Cassaing-Paul bikoaren kontra. Gorka Huitziri hankako behatz bat gaiztotu zitzaion bezperan,  eta ezin izan zuen jokatu finala.  Azken orduan bere ordezkoa  jarri behar izan genuen, eta Julen Zabalegik jokatu zuen. Biak aurrelariak izanik,  ez ziren ondo moldatu errebotean, ez bata ez bestea,  eta hortik joan zitzaien partida.
Aimar Heras eta Xuban Lopetegi bikoak ere galdu egin zuen, Urruñarrak taldeko Gortari-Halsouet bikoaren kontra. Irurar biak ondo aritu ziren eta ondo eutsi zieten urruñarren erasoei partidaren erdira arte,  eta 19-17 irabazten ere joan ziren.   Hemendik aurrera, Oxan Halsouetek duen  xarez jokatzeko dohain berezia nagusitu zen, eta  gureek ondo jokatzen jarraitu bazuten ere, ezin izan  zuten Oxanen joko ikusgarri bezain finarekin,  29-40 galduz.
Eguneko une gozoa,  1. Mailako finalean heldu zen,  Joxi Lopetegi, herritarraren eskutik. Mikel Funosas, hazpandarrarekin,  40-25 irabazi zieten Hardoytarrak taldeko Driolet-Sistiage bikoari.  Mikelen sendotasuna ondo baino hobeto aprobetxatu zuen Joxik tantu ikusgarriak burutzeko.  Partidaren   zenbait unetan,  defentsan aritu behar izan bazuten ere, bikain bete zuten eginkizun hori bai batak bai besteak, eta hasera-haseratik kontrolpean izan zuten partida Joxik eta Mikelek. 
Euskal Herriko txapel berri bat, bikote handi honentzat. Zorionak denei!!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!