Maiza-Lopetegi eta Zabalegi-Isasa xare txapeldunak, Iruran

Erabiltzailearen aurpegia Ametsa Pilota Elkartea 2019ko api. 15a, 08:34

Oier Maiza-Xuban Lopetegi eta Julen Zabalegi-Iker Isasa bikoteak izan dira Irurako xare torneoetako irabazleak.

Ostiralean, apirilak 12, harmailak gainezka, jokatu ziren Irurako Ametsa trinketean xareko Gaztetxo eta Gazte mailako finalak. Gaztetxo mailan, Oier Maiza eta Xuban Lopetegik, Aimar Heras eta Nahia Gorritiren aurka jokatu zuten. Oier -Xuban bikoak, 2 set eta 1 irabazi zieten Aimar-Nahia bikoari. Lehen set lehiatuan, tanto batez, 12 era 11 nagusitu ziren, Oier eta Xuban, baina, bigarren setean, Aimarrek eta Nahiak, hortzak estutu, eta hirugarren seta behartu zuten, 12 eta 9 irabazita. Berdinketa hausteko azken set erabakigarrian, Oierrek eta Xubanek 8 eta 7 irabazi zieten Aimarri eta Nahiari, hauek 6 eta 3 aurretik joan eta gero. Partida ikusgarria jokatu zuten, eta Ametsa trinketean bildu ziren ikusleek gozatu  ederra hartu  zuten, lau pilotariek erakutsi zuten maila bikainarekin. Hala ere, gurasoren batek, amaieran aitortu zuen, bihotzekoak emateko zorian ere egon zela. Ez zen gutxiagorako! Etorkizuna badago!   

Segidan, Gazte mailako finala jokatu zen, eta Julen Zabalegi eta Iker Isasak, Matxalen Mendizabal eta Gorka Huitziren aurka jokatu zuten. Partidaren hasieratik, Julenek eta Ikerrek aurrea hartu zuten markagailuan, eta partida amaiera arte aldeari eutsi zioten. Hala ere, partidaren amaiera arte ez zuten  amorerik eman galtzaileek, eta behin baino gehiagotan, partida berdintzeko zorian ere izan ziren. Azken emaitza, 35 eta 31 izan zen, Julen eta Ikerren alde. Irabazleek oso serio jokatu zuten, eta opari gutxi egin. Aldiz, galtzaileek, Matxalenek eta Gorkak, ohi baino hutsegite gehiago egin zituzten, eta hortik joan zitzaien partida.

Amaieran, Ametsa Pilota Elkarteko ordezkariek, udal ordezkariek lagunduta, sariak eman zituzten. Eta amaitzeko, antolatzaileak, pilotariak eta gurasoak mahai baten inguruan elkarturik, mokadutxo bat eginez, giro jatorrean, eman zieten amaiera xareko teknifikazio mailako bi torneoei. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!