Lehenik eta behin osagai guztiak txikitu egingo ditugu: porrua, ardiaren seboa, arrautzak... Ñañarrin iritzira egiten dute lan, hau da, ez dute neurri zehatzik erabiltzen. Hori bai, porrua, ardi seboa baino gehixeago erabiltzen dutela aitortu du Urkolak. Izan ere, euren esanetan porruak errezeta gozatu egiten du.
Ondoren, osagai guztiak nahastea izango da kontua. Masa bat lortuko dugu osagai guztiak nahasten ditugunean —porrua, ardiaren seboa, piper pikantea eta gatza—. Azken pausoan gehituko duguna arrautza izango da.
Jarraian, hurrengo pausoak masa hesteetan sartzea eskatuko digu. Masa hesteetan sartzeko, eskuz aritzen dira Ñañarrin, paxinaren laguntzarekin. Paxinan bertan hestea sartu eta ondoren, paxinaren muturra erabilita masa sartzen dute hestean. Orduan, mondejuak mondeju itxura hartuko du; hau da, heste-bete itxura. Automatizatuta izan arren, prozesu honek bere denbora eskatzen du.
Ez da prozesu erraza izaten hestea betetzearena; hutsik estu-estuak dira hesteak, eta askotan, lehertu ere egiten dira. Hori gertatuz gero, materia hori ez genuke mondejua egiteko erabiliko. Izan ere, jada mamitzen hasita egongo litzateke eta. Beste erabilera bat eman ahal zaio: kroketa batzuk egitea, adibidez.
Bitartean, sutan eltzeak izango ditugu, porruak, ardi puskak, gatza eta piperra. Horrekin salda egingo dugu. Behin salda prest dagoenean, ardi puskak kanpora aterako ditugu. Orduan, salda horretan mondejua egosiko dugu. Horrek lagunduko baitio mondejuari zapore trinkoa bereganatzen.
Ñañarrin, behin mondejua egiten hasten direnean, kantitate handiak egiten dituzte, eta hortaz zaila egiten zaie mondejua egiteko prozesuak zenbat denbora eskatzen dien esatea. Horrelako lanetan hasten direnean, goizean hasi eta gaua bitarte mondejuak egiten aritzen dira; bizpahiru egunez jarraian.
Amaia Urkolak betidanik ezagutu izan du mondejua etxean. Esaterako, herriko festak ziren garaian, mondejuak egiten zituzten bere gurasoek. Ordudanik, izan du presente mondejua, eta orduan ere, egiten ikasi zuen. Udazkena garai betea da mondejuentzat. Zaldibiko Txapelketa —Amaia Urkolak hainbat aldiz bertako txapela jantzi du— zein Amezketan hasi berri duten azoka garrantzitsuak dira mondejuari balioa emateko. Ñañarri bi horietan presente egoten da, baina gainontzean bertako produktuak dastatzeko Ñañarri jatetxean beran dastatu daitezke: bazkarietan, afarietan edota pintxo modura, barran bertan.
Datorren igandean, urriaren 27an, Ardiki Eguna ospatuko dute Zaldibian, eta bertan izango da Amaia Urkola, txapela berria jantzi nahian.