Horren ondorioz, komunontziak kolapsatu egin ziren, eta bidaiariek zabor-poltsak erabili behar izan zituzten gorotzak pilatzeko. Gogoratu: bost egunez, 4.000 kide leku itxi batean. Esaten zutenez, giza hondakinak korridoreetatik isurtzen ziren, eta, horren ondorioz, komunikabideek kakaren gurutzaontzia ezizena jarri zioten. Pentsatuko duzue eskatologiko hutsa naizela, baina egia esan, dokumentala ikusten asko dibertitu nintzen.
Aldeak alde, egun hauetan zoritxarrez beste gurutzaontzi baten berri izan dugu. Izenik ez dut gogoan, dagoeneko hantabirusaren itsasontzia bataiatu baitute. Arratoiek transmititzen duten birus horrek hiru hildako eragin ditu bidaiarien artean, eta gainontzekoak osasun-kontrol zorrotzekin Kanaria uharteetara eraman dituzte handik bakoitza bere herrialdera ebakuatzeko eta dagozkien neurriak hartzeko.
Nola ez, berriz, zalaparta galanta sortu da. Eta oraingoan ere gizatasunaren arrastorik ez, nork jasoko eta artatuko dituen eztabaida piztuz. Badirudi beldurra zilegi dela, bereziki pandemia freskoa dugula kontuan hartuta. Halere, ez didazue esango burutik joan ez zaigunik. Nik behintzat, Erdi Aroko izurri beltza irudikatu dut: pustulaz beteriko gorputzak, bele-mokodun maskarak dituzten medikuak, eta nola ez, milaka arratoi itsasontzia uzten Kanarietako portura uholdean iritsiz. Ene, berdin dio adituek diotena, berdin dio lehen munduko bidaiariak izatea, berdin dio dena!!! Erre dezatela itsasontzi madarikatua eta kito!!! Aznarrek esango lukeen bezala: «Teníamos un problema, y ya no lo tenemos» [Arazo bat genuen, eta jada ez daukagu].
Tira, batzuetan gehiegitxo irudikatzen dut.
Bien bitartean, 2025eko urrian adostutako su-etenaren ondoren ere, Gazako 2,2 milioi biztanleetatik ia % 80 kanpalekuetan bizi dira oraindik, Nazio Batuen erakundearen arabera. Gerra ez da amaitu, baina arriskua jada ez dira soilik tiroak eta bonbak. Arriskua lurretik arrastaka dator. Arratoiak nonahi daude. Arratoien ugalketa kontrolaezina da, eta genozidek eragindako sufrimenduari, muturreko bizi-baldintzek sortutakoa gehitu behar zaio.
«Arratoien ugalketa kontrolaezina da, eta genozidek eragindako sufrimenduari, muturreko bizi-baldintzek sortutakoa gehitu behar zaio»
Karraskariek gazatarren behatzak, belarriak eta sudurrak hozkatzen dituzte; eta dituzten ondasun eskasak txikitu eta gaixotasunak zabaltzen laguntzen dute. OMEren arabera, aurten 17.000 infekzio erregistratu dira arratoi eta bestelako parasitoek eragindakoak.
Beldurra zilegi da bai. Baina gure ardura ere bada benetako sufrimendua nork eragiten duen eta nork pairatzen duen bereiztea.