Theriantropia

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Karrera Garcia 2026ko martxoaren 13a

Theriantropoa giza-animalia ez den beste animalia basati batekin identifikatzen den pertsona bat da. Theriantropoak animalia hori dela pentsatu baino gehiago, animalia horrekiko lotura sakona, identifikazio espirituala edota psikologikoa sentitzen du.

Identifikazio modu hau, duela aste batzuk lehenengoz entzun nuen TikTok, Instagram edota YouTube gisako sare sozialetan oihartzuna hartu ostean. Kuriosoa da, baina nik ez dut sare sozialik, eta halere astebetez kontzeptu hori behin eta berriz entzun dut. 

Orain jada ez. Pasatu da.

Aste berean, nahigabeko bakardadeari aurre egiteko estatu-estrategia plan bat garatuko dela ere argitaratu zen. Planak, oinarri hartu dituen datuen arabera, gure egungo gizarteak nahi ez den bakardadearen hazkundeari aurre egiteko neurriak jasotzen ditu. Espainiako populazioaren % 20 bakardade egoeran dagoela estimatzen da.

Gehiago eragiten die emakumeei (% 21,8) gizonei baino (% 18). Adinaren aldagaia kontuan hartzen bada —sorpresa!— gazteak dira nahigabeko bakardade sentimendurik handiena dutenak: 
16-29 urteko gazteen artean % 25,5koa da.

Gainera, nahigabeko bakardadea askoz handiagoa da desgaitasuna, LGTB kolektibokoa edo atzerritar jatorria duten gazteen artean (% 50 inguru).

Sufrimendu-iturri izanik, gizartean parte hartzeko eskubidea mugatzen du, eta ondorio negatiboak ditu pertsonaren bizitzako hainbat alderditan —ongizatean eta osasunean esaterako—, kostu-sozial handiak eraginez. Eta, kontuz: gizarte-kostuaz hitz egiten dugunean, dagoeneko batzuk hasiak daude negozioan pentsatzen.

Therians deritzon pertsona horien artean gehienak nerabeak omen dira. Jolasa baino harago doan espresatzeko era hau hobesten dute, ez baitira identifikatuta sentitzen giza portaera eta balioekin. Jokabide eszentriko honen atzean pertenentzia falta eta bakardade sentimendua omen dago. 

Deskonektatzea zaila egiten zaigun mundu honetatik isolatzen dira, eta unibertso propioa sortzen dute zerbaiten parte direla sentitzeko, nonbait eta norbaitekin bat egiten dutela sinesteko. Finean, nahiago hartz, azeria edo otsoa izan… gizakia baino.

Bien bitartean, beste behin ere, normatik aldentzen den ororekin gertatzen den bezala, epaitzen ditugu, iseka egiten diegu eta, muturretara joanez, bortizki tratatzen ditugu. Deseroso sentiarazten gaituzte.

«Ez dut egun gobernatzen gaituzten horiekin identifikatu nahi. Nire txakurrak dituen balioekin identifikatzea nahiago dut»

Eta zer nahi duzue esatea: nik ere therian bat izan nahiko nuke. Egiptoko Horus jainkoaren azkartasuna, amerindiarren hartz-totemaren indarra edota gure Lamiaren adimena gustuz jasoko nituzke nik.

Ez baitut egun gobernatzen gaituzten horiekin identifikatu nahi. Psikopata huts gisa jokatzen duten horiekin; gutxi batzuen interesen izenean mundua aztoratu eta suntsitze bidean jarri duten horiekin. Ez, ez dut identifikatu nahi. Ez dut ezer jakin nahi basapizti horiek ordezkatzen dituzten balioekin.

Zalantzarik gabe nire txakurrak dituen balioekin identifikatzea nahiago dut: zintzotasuna, leialtasuna eta, zergatik ez, maitasuna (nik uste maite nauela noski).

Therian fenomenoak astebete eskas iraun du. Pasatu da… edo ez. Orain nire arreta Teheran hitzean jarri baitut, jarrarazi baitidate. Ez al duzue uste biak oso antzekoak direla?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!