Ez esan zaintzaile

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Karrera Garcia 2025eko azaroaren 8a

Nire belaunaldiko beste askok bezala, independentzia ekonomikorako diru apur bat irabazteko asmoz, ikasketak lantxo informalekin uztartu nituen. Ez zaizue zaila izango asmatzea zeintzuk izan ziren lan txiki horiek: haurrak zaintzea.

Garai hartan 16 urte inguru izango nituen, eta denbora-tarte ezberdinetan bi neskatxa jator eta maitagarri pasa ziren nire eskuetatik. «Lantxoa» deritzot, izan ere, edozeinek egin zezakeen lana baitzen, garrantzi gutxikoa, ez bainuen ezer garrantzitsua produzitzen sistema ekonomikoa eusteko, ia denbora-pasa zela esan daiteke. «Lantxo» hori egiteko ez nuen prestakuntza berezirik  behar, emakumea izatearekin nahikoa nuen —nik uste, jaiotzez lortzen den lan-akreditazio bakarretakoa dela, hori suertea gurea!—. Eta «lantxoa», jakina, etxeko lanek ez zutelako kontraturik behar. 

Behin, haur horietako batek  bere «zaintzaile» gisa aurkeztu ninduen. Ez zitzaidan gustatu —agian klase-konplexuagatik—, eta orduan 6 urte inguru zituen haur hura zuzendu nuen, argi utziz ni langilea nintzela, ez zaintzailea. Ene, distantziatik begiratuta, mundua aldatu nahi zuen gazte feminista eta, zergatik ez, inozo hura nostalgiaz ikusten dut orain. A, ze inozentzia nirea!

Zaintzaileen eguneroko lana ikusarazteko, gizartea sentsibilizatzeko eta  askotan isilean egiten den lan garrantzitsu hori balioan jartzeko Nazio Batuen Erakundeak —NBEk— 2014. urtean azaroaren 5a Zaintzaileen Nazioarteko Eguna izendatu zuen zainketen garrantzia aldarrikatzeko. Zainketa horiek «ekintza-sistema» gisa definitzen ditu Osasunaren Mundu Erakundeak —OME—. Sistema horretan, zaintzaile ez-formalek —familia, lagunak edo bizilagunak— eta profesionalek —osasun-langileak, gizarte-langileak eta beste batzuk— laguntza eskaintzen dute mendekotasuna duten pertsonek bizi-kalitate onena izan dezaten, haien lehentasun pertsonalak errespetatuz eta autonomia, parte-hartze eta garapen pertsonal maximoa bermatuz.

Gaur egun, zaintza ardatz askotatik aztertzen da: gizarte-ereduaren ikuspegitik, artatze-ereduetatik, feminismotik eta generoaren ikuspegitik, eta baita ikuspegi ekonomikotik ere. Izan ere, zaintzak etxeko hormak gainditu ditu, baita gizarte-zerbitzuen zein zaintza eskaintzen dituzten elkarteen eta erakundeen mugak ere. Horregatik, gaur egun zaintzaren ekonomiari eta honek duen inpaktuari buruz  asko hitz egiten da. Lanaren Nazioarteko Erakundearen —LANE— kalkuluen arabera sektore horri munduko Barne Produktu Gordinaren —BPG— % 9 egozten dio. Esan dezakegu lanaren esparruan zaintza lau modutan ardazten dela: 1) Langileak kontratatzen dituzten eta, ondorioz, merkatu kapitalistaren logikaren arabera funtzionatzen duten enpresen bidez. 2) Zerbitzuak eskaintzen dituzten administrazio publikoen bitartez. 3) Hirugarren sektoreko elkarte eta erakundeen bidez. 4) Eta, azkenik, zaintzaren iturri nagusi eta garrantzitsuena: familia, non emakumeak diren zaintzaile  nagusiak.

«Negozio hutsa bihurtzeko arriskua saihestu nahi badugu, zaintzaren eskubide-izaera aitortzea ezinbestekoa da»

Beraz, negozio hutsa bihurtzeko arriskua saihestu nahi badugu, zaintzaren eskubide-izaera aitortzea ezinbestekoa da. Eraiki dugun ongizate-estatu honetan, denok dugu zaintza duina izateko eskubidea, hau da, eskubide unibertsala da. Helburu hori lortzeko, lege eta politika ezberdinak lan duinaren printzipioekin lerrokatu behar dira. Zaintzaren ikuspegi etiko eta harremanezkoarekin bat, lan-baldintza eta soldata justuak funtsezkoak dira. Horregatik oso garrantzitsua da zaintza-lanak egiten dituzten pertsonengan ere arreta jartzea. 

Zaintza guztion ardura dela gogorarazteko ere balio du egun honek. Idatzi hau gure gizartearen oinarriak beren lan isil eta etengabearekin sostengatzen dituzten zaintzaile guztiei eskaini nahi diet. Eskerrik asko zuen dedikazioagatik eta maitasunagatik.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!