Hitzekiko dudan kuriositate hau nondik datorkidan aztertu nahian institutua gogora datorkit. Garai haietan euskarako irakasle xelebre bat izan nuen, pentsaraztea eragiten zigun irakasle horietako bat. Behin «auskalo» hitza nondik zetorren ba al genekien galdetu zigun. Erantzuna gazteleratik datorren «vete a buscarlo» eratorritako hitza zela izan zen. Hori entzutean, seguruenik begiak zabalduko nituen, nik hitzak entzun baino ikusten baititut. Sortze-hitz horren ostean beste asko etorri dira: sopako, entrekula, sorgina, trolebus, klimaterio… zerrenda amaiezina dut.
Ikus dezakezuenez, hitz batek harrapatzen nauenean disekzionatu arte ez dut askatzen: etimologia, esanahia, hitzak berak duen musikaltasuna, edertasuna… bai, bai, hitz batzuk estetikoki ederrak iruditzen zaizkit eta nireak egin arte ez naiz asebeteta sentitzen. Batzuetan apuntatzen ditut, bestetan memorian gordetzen saiatzen naiz, denbora dudanean arakatu ahal izateko. Hori bai, niretzako, hitz baten edertasunak ez du esanahiarekin zerikusirik izan behar. «Progromo» hitza esaterako. Ahoa letraz betetzen zait, kontsonante indartsuak eta bokal bakarra hirutan errepikatuta PRO-GRO-MO… hitz irmoa, sendoa, esanahia ezagutu gabe ere deigarria eta ederra.
«'Progromo' jatorri errusiarreko hitza da eta suntsipena esan nahi du. Jende andanak eragindako lintxamendua da, talde partikular, etniko edo erlijioso baten aurka, espontaneoa edo prestatua izan daitekeena»
Progromo jatorri errusiarreko hitza da eta suntsipena esan nahi du. Jende andana batek eragindako lintxamendua da, talde partikular, etniko edo erlijioso baten aurka doana, espontaneoa edo prestatua izan daitekeena eta, haien ondasunak suntsitzen edota espoliatzen dira (etxeak, dendak, erlijio-zentroak, etab.). XIX. mendean Errusiako judutarren aurka egon ziren oldarraldien harira sortutako hitza, tamalez, gerora beste talde eta lekuetan ere erabili izan dena. Erraz lotu dezakegu judutarrek pairatutako progromok, egun gazatarrek pairatzen ari direnekin.
Oraingo honetan, ordea, egin dudan asoziazioa hurbilagoa izan da, ez geografiagatik baizik eta egunerokotasunagatik. Uztailean, Murtziako bizilagun baten aurkako erasoak gertakari arrazistak eragin zituen eskuin muturreko taldeen aldetik. Justiziaren izenean euren gorrotoa zabaldu nahi izan zuten, ehizarako deialdia eginez musulman jatorria zuen edonor jo puntuan jarriz. Eskuin muturra jada ez dago ate joka, eskuin muturra sukalderaino sartu zaigu. Oldartuta daude, geroz eta jende gehiagok normaltasunez hartzen ditugulako euren mezu sinple bezain pozoitsuak. Kezkagarria da ultraeskuindarren aldeko bozka nola igotzen ari den gizon-gazte europarren artean, eta ez dut uste gu salbuespen bat izango garenik, ez behintzat begira jarraitzen badugu guri eragingo ez baligu bezala. Indibidualismoa eta balioen pobrezia ultraeskuinaren hazitegia da, eta konturatzeko gure gizartean errotu dira.
Ezin amaitu Gaza aipatu gabe. Hau idazten ari naizela, Europa beste aldera begira dagoela eta AEB-etako gobernuaren onespen eta mirespenarekin, Israelek Gazaren azken suntsipena programatu du. Inbasioa abiatu du, Progromoa martxan jarri du.