Pelikulak Auschwitz esparruko hormaren ondoan bizi den familia baten egunerokotasuna erakusten digu. Ez da edonolako familia noski, aita, Rudolf Hoess, esparruko zuzendaria baita. Familia idilikoa, etxe idilikoan, gizarte idiliko baten isla. Aita 'lanera' doan bitartean, emaztea eta seme-alabek bizitza oparo eta lasaia egiten dute, hormaren beste aldean gertatzen denak eraginik izango ez balu bezala; eta hala ere, badakite zer gertatzen ari den, partaide aktiboak baitira.
Filmaren ikusleak ez du inoiz zuzenean ikusten Auschwitzeko hormen artean gertatzen ari dena; zuzendariak soinuen bidez —tiro-hotsak, zakurren zaunkak, tren-geltokiko burdin soinua, pertsonen garrasiak, soldaduen oihuak...— eta sinbolo ezberdinen bidez —errauts-euria eta gorputz erreen usaina antzeman daiteke film osoan zehar— irudikatzen du Holokaustoaren izua. Horrez gain, erantzun baino galdera gehiago planteatzen dituen film horietako bat da, gaizkiaren hutsaltzea agerian jartzen duena.
Gaizkiaren banalitatea —edo gaizkiaren hutsaltasuna— Hannah Arendt filosofo eta kazetari israeldarrak sortutako esamoldea da, naziek juduen sarraskia burutzean erakutsitako normaltasuna izendatzeko erabili zuena. Beste aldera begiratzea baino haratago doan giza-jokabideaz ari da: gaizkiaren alde jarrera hartzeaz ari da. Eta bai, hori aukeratuta egiten da eta zergatiak askotarikoak izan daitezke: aginduak betetzen ari garelako, norbaiten aurka joatea zilegitzat jotzen dugulako, gure lekua edo pribilegioa galdu nahi ez dugulako, edo ideologia baten izenean pentsatzen eta sentitzen duguna alde batera uzten dugulako. Azken batean, gorrotoa justifikatzeko sortzen diren argudioek bidegabekeria mantentzeko arrazoia ematen dutelako.
«Hondamena gertatzen den bitartean, kolono sionisten familiek beren seme-alabei barku-txangoen bidez erakusten dizkiete laster euren lurralde bihurtuko diren tokietako paisaiak»
Israelgo gobernu sionistak eta bere lagunek Gaza isolatzen eta suntsitzen ari dira. Hondamena gertatzen den bitartean, kolono sionisten familiek beren seme-alabei barku-txangoen bidez erakusten dizkiete laster euren lurralde bihurtuko diren tokietako paisaiak. Aipaturiko filmean ez bezala, hemen dena ikusten da, ez dago leuntasunerako lekurik ez eta beharrik ere. Agintari eta militar sionistek, AEBko agintariekin elkarlanean, dagoeneko Die Endlösung berri bat topatu dutela dirudi: erail ez dituzten palestinarrak deportatzea. Zehaztu gabe dagoena da ea Israelek viehwaggon sarea erabiliko duen ala bestelako garraio-bideren bat. Behin deportatuak, Gaza, herritar palestinarrik gabeko luxuzko resort-turistiko batean bihurtuko dute. Distopia baten kontakizuna dirudien arren, historia berrikustea besterik ez dago gerta daitekeela egiaztatzeko.
Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik laurogei urte igaro diren honetan, interessengebiet berri bat dugu Palestinako lurraldeetan. Oraingoan, ez da Europan eta, agian, guri gertatzen ez zaigun bitartean beste aldera begiratuko dugu. Etorkizunari begira, auskalo zer datorkigun. Historia errepikatzeko dugun joera ikusita, nolanahi ere, totalitarismoaren iluntasunaren aurrean erne egon gaitezen.