Duela urte asko, nazioarteko lankidetzari buruzko hitzaldi batean, entzun nuen Andeetako Altiplanoko emakumeek ez zietela izenik jartzen seme-alabei urtebete bete arte. Etengabeko biziraupen-egoeran bizi zirenentzat neurri praktikoa eta ezinbestekoa babes psikologikoari dagokionez; izan ere, ondo dakit nik, atxikimenduak eratzen duen lotura ez da zilbor-hestean sortzen, eraiki behar da eta horretarako, goxotasuna, sentiberatasun eta maitasunaz gain, ziurtasuna ezinbestekoak dira.
Violeta. Hori da darabilkidan izena. Idazkia irakurriko duzuen batzuek ezagutu duzue. Badakizue nor izan zen. Gorpuzten duzue. Nik ez. Ez dakit nor izan zen, baina izan zela ziur nago.
Violeta, itzal bat zen, edozein momentuan, edozein tokian ager zitekeen.
Nire lagun bati agertu zitzaion. Gau batean, furgonetan etxeko bidean zihoala, zebra-bide batean berarekin aurkitu zen. Hasieran izutu zen, bat-batean gainean agertu baitzitzaion. Haizetako kristal gainean zuen eta Amarotzera eramateko eskatu zion. Nire lagunak mesfidantza sentitu zuen lehenik, baina beldurra gainditu eta jaso egin zuen. Amarozko zein portalera gerturatu behar zuen galdetzean, erantzunik ez. «Hemen», esan zion bat-batean, eta lagunak, harrituta, industria pabiloiaren atzealdeko bidea hartu zuen, Boinas Elosegui eta kotxe kontzesionario baten artean zehazki. Hantxe utzi zuen, zuloz beteriko karabana batean. Besoan ospitalean jarritako bial baten arrastoak zituen, beraz gaixorik eta bakarrik zegoen. Irailean, udarako epeltasunean, nire laguna kontzientzia astinduta izoztuta itzuli zen etxera.
Nola liteke Tolosan, gure etxeetatik hain gertu, hauskortasun hori pairatzen duen pertsona bat egotea?
Nola liteke Tolosan, gure etxeetatik hain gertu, hauskortasun hori pairatzen duen pertsona bat egotea? Horixe galdetzen zidan inpotentziaz beteta. Nola liteke gure herrian horrelako egoeran dagoen pertsona bat egotea? Nola lagundu?
Violetak laguntza jasotzen zuen, baina emakumea zen, arrazializatua, etorkina, ijitoa eta pobrea. Halaber, duina zen, eta laguntza onartzen bazuen ere, nahiago zuen karabana zulatu batean bakarrik bizi berak aukeratu ez zuen norbaitekin baino, partekatutako errekurtso sozial batean baino. Seme-alabak harrera-etxean omen zituen, haien hobe beharrez, pentsatu nahi dut, nahiz eta sinistu ezin. Halere, Violetak bihotzean gordetzen zituen, eta itoginez zulatutako karabana hartan, edozein etxetan bezala, argazki-marko batean haien argazkia zegoen, dirdira eginez. Harrotasunez erakusten zituen, ondo egindakoaren azken ilusio gisa, agian. Haiek salbu baitzeuden, berak izan ez zuen etorkizun baten zain.
Lagunak eta biok ezin izan dugu Violetaren patua aldatu. Tira, ezer gutxi egin ahal izan dugu. Sikiera espazio hau eskainiko geniola agindu nion: letra apur batzuk bizitza oso baten truke.
Ezagutu duzuenok badakizue ez dudala izena asmatu. Morea feminismoaren kolorea eta Violeta emakume askoren duintasunaren eta erresistentziaren izena eta izana. Bejondeizula Violeta.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!