Irrintzi bat opari

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Karrera Garcia 2024ko urr. 11a, 07:57

Irrintzia emozioak adierazteko gure arbasoek utzitako ondarea da. Ez dago erabat argi noiz eta zergatik sortu zen, artzainek erabilitako komunikazio-sistema gisa sortu zela uste da.

Emozioak askatzeko erraietatik sortzen den oihua da, eta Euskal Herrian ez ezik, munduko beste leku batzuetan ere ematen da; adibidez, arabiar emakumeek zaghrouta edo zaghareet deitutako antzeko oihua egiten dute. Niri ama lurrak egin digun beste oparietako bat dela pentsatzea gustatzen zait.

Duela gutxi arte, irrintziak batik bat gizonek botatzen zituzten, haiek baitziren plazen eta espazio publikoen jabe; denborarekin  ordea, emakumeak izan dira ohitura atabiko hau jaso eta gordetzearen ardura hartu dutenak, horregatik, egun irrintzilarien %99 emakumeak dira. Oihu akutua, denboran sostengatua, hats bakarrean botatzen dena, sakona eta espontaneoa, indibiduala eta kolektiboa. Gerra oihua, alaitasun oihua, baita dolu oihua ere. 

Afganistango emakumeen ahotsa itzali digute. Duela hilabete batzuk talibanek arau berriak txertatu dituzte Sharia deituriko legedietan. «Bizioari eta bertuteari» buruzko legeen lehen adierazpen formala da, talibanen talde fundamentalistak 2021eko abuztuan boterea indarrez hartu zutenetik. Neurri zorrotzenetako bat izan da emakumeen ahotsa jendaurrean isilaraztea, eta beraz, emakumek ezin dute publikoan hitz egin, abestu edota errezitatu. Ahotik ateratzen zaien edozein soinu debekatuta eta ondorioz zigortuta dago, bakarrik etxe barruan hitz egin dezakete, eta ezin dute «beren gizona» ez den beste norbaitengana jo, ez jendaurrean, ez pribatuan. Finean, Afganistanen emakumearen presentzia itzal batera murriztu nahi dute, hau da, hautematen den baina zeharkatu daitekeen presentzia batera. 

«Finean, Afganistanen emakumearen presentzia itzal batera murriztu nahi dute; hau da, hautematen den baina zeharkatu daitekeen presentzia batera»

Ondo dakit, egindako opariak ez direla berriz oparitzen, baina ez dut uste ama lurra haserretuko denik emandako oparia Afganistango emakumeei eskaintzen badiegu. Gainera, haiena da, denona baita, izan ere, sororitate oihu bezala hartu dezakegu, «jatorrizko emakumearen deia» gisa. Emakumeen artean partekatutako kodea da. Zaghareet eta Irrintziarekin  bezala, sororitate oihuak poza adierazten du, zoriontasuna elkarrekin egoteagatik, harrotasuna kausa bera partekatzeagatik, babes kolektiboaren eta nortasun komunitarioaren sentimendua. Entzuten ez direnen soinua, isilarazi nahi diren emakume guztien garrasia.  

Probabilitateak nahi izan du, idazki hau neskatilen nazioarteko egunarekin batera argitaratzea. Hello Kitty edota Gorjuss motatako panpinak oparitzean, kontuan izan ahorik gabeko neskatilak oparitzen ari zarela, eta une honetan inoiz baino garrantzitsuagoa da gure ahotsa ozen entzutea, irrintzi batekin behar bada.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!