Ez da desfasea, biolentzia da

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Karrera Garcia 2024ko uzt. 13a, 07:57

Urteak dira ez naizela Iruñeko sanferminetara joaten. Gaztaroan, ezinbesteko hitzordu horrek udako parrandaren hasiera markatzen zidan, noski, Amarozko jaiak gutxietsi gabe. Lehenengo urteetan, kuadrillako baten osabak Nabarreria kalean etxea zuenez, egun bat baino gehiagorako joan ahal izan ginen, beraz, esan dezaket bataioa ate handitik egin genuela. Gehienetan ordea, egun bateko parranda egiten genuen, hau da, ohiko gau-pasa egiten genuen. 

Jakin bagenekien ondo pasatuko genuela, giro ona bermatuta genuela, bagenekien bezala, emakumeak izateagatik, betiko arriskuei aurre egin beharko geniela, kasu honetan, mundu mailako jaia izanik, esponentzialki biderkatuta gainera. Lokartutako koitaduak harresitik eroriko zenaren ziurtasun berarekin, bortxaketak eta eraso sexistak egongo zirela zalantzarik ez genuen. Nesken kuadrilla gisa garatuta genituen estrategia eta neurri propioekin batera, zoriaren esku uzten ginen, hau da, guri ez zitzaigun ezer gertatuko «zergatik ez». Gertatzen zen arte. 

Ordutik begiradak zabaldu dira. Emakume aktibisten borrokaren konstantziarekin batera, Nagore Laffage Casasola eta Manadaren kasuek inflexio puntuak izan direla irizten dut. Egun, edozein herriko festetan eraso sexisten inguruko sentsibilizazioa eta neurriak sistematizatu dira bai instituzional bai eta herri-ekimen mailan, esaterako, puntu moreak eta neskak etxera laguntzeko brigadak. Beste behin, gure gain hartu beharreko neurriak, gure babesaren aldekoak direnak, baina zalantzan daudenak biktimarioak kontuan hartzen ez dituztelako eta emakumeon rol estereotipatuak errotzen dituztelako. Zoritxarrez aurrerapauso gehiago beharko ditugu emakumeok salbuespenezko babes-neurriak hartzeari utz diezaiogun.

 

«Txupinazo bezperan Iruñeko mugimendu feministak antolatutako performancea miretsita ikusi dut. Harrotasuna sentitu dut amazona gisa borrokarako prest agertu diren gure alabak ikusi ditudanean»

 

Horregatik, txupinazo bezperan Iruñeko mugimendu feministak antolatutako manifestazio-performancea miretsita ikusi dut. Harrotasun puntu bat sentitu dut amazona gisa borrokarako prest agertu diren gure alabak ikusi ditudanean. Estetika beligerante bat erabiliz, mezu sinboliko indartsua bidali dute, alegia, euren burua defendatzeko borrokarako prest daudela. Ez daudela bakarrik, antolatzen direla, eta geldiezin doan olatu baten abangoardia berritua direla. Zirrikitu guztietatik iragazten ari den korronte faxistari aurre egiteko prest daudela. Nazkatuta daude eta gaude indarkeria amaiezin hau jasateaz. 

Ez beti, ez leku guztietan... baina batzuetan harrapakinak badaki defentsarik onena eraso on bat dela; mezu garbia, gure artean zelatan ditugun piztiek entzun dezaten. Gerra kodea beste koderik ulertzen ez duenarentzako. Bortizkeriak bortizkeria sorrarazten du. Gure neskek oihukatzen duten bezala, EZ DA DESFASEA, BIOLENTZIA DA. 

Gozatu udara eta disfrutatu festetan aske.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!