…keriak

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Karrera Garcia 2023ko urr. 29a, 07:57

Inmakulada ikastetxeko ikasleak Uzturren, adin ezberdinekoak elkarrekin. I.S.

Adinkeria kontzeptua Robert Neil Butler gerontologoak formulatu zuen jada 1969. urtean, adinagatik gertatzen den diskriminazio motari erreferentzia egiteko; hau da, adinagatik beste pertsona batzuekiko jokabidean barneratutako edo adierazitako ideien, aurreiritzien eta estereotipoen multzoa.

Terminoa, gazteen eta haurren aurkako diskriminazioa izendatzeko erabiltzen bada ere, nagusiki adinekoen diskriminazioa izendatzeko erabili ohi da. Ikerketek iradokitzen dutenez, egun adinagatik diskriminazioa, sexismoa eta arrazakeria baino orokorragoa izan daiteke, eta edozein bazterketak bezala, ondorio larriak ditu bai pairatzen duenarentzat, bai gizarte osoarentzat.

Pandemia aldian hartu diren erabaki politikoak eta hauek gizarte gisa nola onartu ditugun ikusita, adinekoen kontra oso adinzaleak garela agerian geratu da. Adibide gisa, osasun-neurri diskriminatzaileak ditugu, adin jakin batetik aurrerako baliabideak ez erabiltzeari edo adinekoei beste adin batzuetako jendearekin harremanetan jartzen ez uzteari buruzkoak. Muturreko egoeretara jo gabe ere, egunerokotasunean erroturik ditugulako oharkabean gertatzen diren diskriminazio egoerak gertatzen dira: haurrak bezala hitz egiten diegunean, gai ez direla pentsatzen dugunean, zerbitzuetan eta administrazio-zerbitzuetan desberdin tratatzen ditugunean, erabaki foroetan aintzat hartzen ez ditugunean.

 

«Diskriminazioen artean demokratikoena dela iruditzen zait, azken batean, eta patuak horrela nahi badu, zorte pixka batekin gure bizitzako urrats iragankorra zahartuz amaituko dugulako»

 

Halere, diskriminazioen artean demokratikoena dela iruditzen zait, azken batean, eta patuak horrela nahi badu, zorte pixka batekin gure bizitzako urrats iragankorra zahartuz amaituko dugulako, eta guztiok esperimentatzeko aukera izango dugulako, hots, inor ez dela libratuko 'keri' mota honetatik. Posizio sozio-ekonomikoa gorenekoak ere ez gaitu libratuko, berdin ospe eta arrakasta handikoa izan —bestela galdetu Madonnari—, adina iristean produkzio sistematik kanporatuak izango gara, eta bigarren mailako herritarrak bihurtzeko txartel guztiak eskura izango ditugu gizarte kapitalistaren tonbolan jokatzeko. Baztertutako giza taldearen parte izan ala ez, aspaldiko egia da, gure teilatura harriak botatzen ari garela esatea.

Gure ikastolan hainbat proiektu garatzen ari gara gazteak eta adineko pertsonak elkarrekintzan jartzen dituztenak. Gazteak elkarlanerako eta ekarpenak egiteko desiratzen daude, adinagatik jasan behar dituzten aurre-epai guztien gainetik euren ahotsa eta egitekoa aldarrikatzen dute, eta adineko pertsonek euren perspektiba, esperientzia eta heldutasuna partekatzen dute eskuzabaltasun osoz. Gazteek eta helduek konbinazio ezin hobea osatzen dute. Beharbada, biek gizarteak bueltatzen dien irudia hausteko duten beharragatik, beharbada horren urrun ez daudela ikusarazteagatik.

Nazio Batuen Erakundea urriaren 29a aukeratu du Munduko Zaintza eta Sostenguaren Nazioarteko Eguna izendatzeko, eta tamalez 'keri' atzizkia eskatzen duten terminoekin amaitu arte, zerbaiten nazioarteko egun asko ospatzera behartuta egongo gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!