Partira noa…

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Karrera Garcia 2023ko api. 30a, 07:58

Dagoeneko ikasturtearen azken hiruhilekoan murgildu gara eta, ikasleei merezitako oporraldia konturatu baino lehen iritsiko zaiela esaten diegu, geratzen zaien motibazio apurrari eutsi nahian edo.

Guraso eta familia askorentzako larritasun unea ere bada, ikasle askori geratzen zaien bidea ez baita xamurra izango, denbora gainean dutela, ikasturtean zehar utzitako eskola-hondarrak gainditzeko erloju-kontra aurkitzen baitira. Egoera horrek erabat baldintzatu dezake familia-dinamika eta ikasketak egunerokotasuneko gai-ardatz bihurtzen dira etxeko giroa guztiz monopolizatuz modu txarrean. Kontrako lasterketa horretan, familien karga emozionala handia da, ikasketek berebiziko garrantzia hartu baitute gure gizarte honetan. Guraso askok ziurgabetasun handiz bizi ohi dute ikasketetan porrotak eragin dezakeen etorkizuna. Ikaslea heldu ahala, ikasketen inbutua geroz eta gehiago estutzen denaren sentsazioa handitzen da eta aurrera egiteko aukerak geroz eta gutxiago direla pentsa dezakete. Sentsazio eta emozio horiei aurre egiteko erabaki ezberdinak hartzen dira. Horien artean klase-osagarrietan edo partikularretan apuntatzea bat izaten da.

Euskal Autonomia Erkidegoan eskola-adinean aurkitzen diren ikasleen erdiak, sistema publikoan edota hitzartuan egon, ikasturtearen uneren batean ikastetxetik kanpoko eskola partikularretara joaten dira. Ezagutzak zabaltzeko, hobetzeko, indartzeko edo berreskuratzeko egiten dute. Esade Politika Ekonomikoetarako Zentroak egindako ikerketa baten arabera, hezkuntza-etapa guztietan zabalduta dago: Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, DBHn eta Batxilergoan. Klase partikularren eskaria, batez ere, azken bietan dago. Ikerketak azaleratu dituen datuen arabera estatuko familiok 1.700 miloi euro inguru gastatzen ditugu partikularretan, ez-arautuko formazioaren merkatu-kuota urtetik urtera handitzen ari delarik. Duela urte batzuk luxuzko ondasuna zena, lehen mailako beharra bilakatu da egun.

 

«Ikerketak azaleratu dituen datuen arabera estatuko familiok 1.700 milioi euro inguru gastatzen ditugu partikularretan, ez-araututako formazioaren merkatu-kuota urtetik urtera handitzen ari delarik»

 

Horrek esan nahi du familiak ez direla fio araututako hezkuntza-sistemarekin? Ez guztiz; familiek hezkuntza kalitatearen inguruan duten pertzepzioa ez litzateke faktore nahikoa joera hori azaltzeko, zerbait gehiago dago.

Familien maila sozio-ekonomikoa erreparatuz gero, erosteko ahalmena altua duten familien artean klase partikularrak kontratatzearen arrazoi nagusienetarikoa seme-alabei lehiakortasunerako abantailak eskaintzea da; hau da, egun bizi dugun lehiakortasun-klima honetan ikasketak amaitzean gizartean ahalik eta hobeto kokatuta egoteko aukerak zabaltzea. Osagarritasun horren bitartez seme-alaben arrakasta bilatzen da, lan arrakasta zein arrakasta ekonomikoa. Erosteko ahalmen txikiagoa duten familien artean berriz, kezka nagusia seme-alabak atzean ez geratzea, ikasturtea gainditzea eta ez errepikatzea da.

Datu hauek hezkuntza-ekitateari ez diote mesede handiegirik egiten; izan ere, gizarte arrakala estutu baino, handitzen duela adierazten baitute. Eskolak badu zer egiterik, asmo handiko hezkuntza-politikak behar ditugu, konpetitiboa den joerak sor ditzakeen arrakala murriztu nahi badugu behintzat. Gizartea osatzen dugun herritarrok, berriz, hezkuntzaren funtzio nagusia zein izan beharko litzatekeen planteatzea ere ez legoke gaizki klase partikularra klasismo partikular bihur ez dadin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!