DESIOA eta ESKUBIDEAK

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Karrera Garcia 2023ko ots. 25a, 07:58

Telmo Irureta Goya saria eskuan duela. ATARIA

Goya zimena sarietan oihartzun handia hartu duten Telmo Iruretaren hitzak ekarri nahi nituzke gaurkoan. Idazten hasi aurretik nahiko garbi nuen idatziaren argudioa; ordea, gaiaren inguruan dokumentatzen hastean, nire pentsamendua zeharkatu duen beste ikuspegi batekin topo egin dut. Sakon pentsarazi didan eta birkokatzea eskatu didan iritzi bat, beste arrazoiketa bat, ederki argudiatuta gainera.

Esan bezala, Goyetako sarituetako bat Telmo Irureta izan zen. Ezagutzen ez duzuenentzako, Telmo Irureta euskal aktore bat da, beste ezaugarrien artean desgaitasun fisikoa eragiten dion garun paralisia duena. Maisua ere bada eta psikologia ikasketak egiten ari da. Kontua da saria jaso zuenean aldarrikapen ozen eta garbi bat utzi zuela, gorputz ez-normatiboek sexuaz gozatzeko eskubidea aldarrikatu zuen.

Giza Izate Sexualaren teoriaren arabera, sexualizazioa prozesu bat da eta horren bidez, sexu-subjektu gisa egiten, bizitzen eta adierazten gara. Bada, giza-dimentsio hori, gizaki guztiok ez dugu berdin esperimentatzen. Tamalez, errepresio- eta marjinazio-urteek ikusezin bihurtu dute desgaitasuna duten pertsonen dimentsio sexuala, eta, beraz, horietako asko ez dira balioesten eta ez dira ulertzen izaki sexudun gisa. Normaren barruan gaudenontzako bizitzaren zikloari dagozkion alderdi asko ez dituzte planteatu ere egiten: desioak, plazera sentitu edota eman, bizi sexual aktibo eta anitza, maitemintzea, Tinderren apuntatzea… Telmo Iruretak garbi adierazi zuen: «Desgaitasuna dugun pertsonak ere larrua jotzen dugu» eta jarraian prostituzio zerbitzuak erabili izan dituela gaineratu zuen.

Azken adierazpen horrek polemika sortu du, bereziki, prostituzioaren aurkako eragile feministen artean. Hauen aburuz, sexua edukitzea desioa da eta ez eskubidea, eta, desioa ez dago eskubideen gainetik. Defendatzen duten Ikuspegi honetatik sexua ez da ase beharreko oinarrizko behar bat (Ikus Maslow-ren beharren piramidearen tª), gizakiok erregulatu dezakegun desioa baizik.

Prostituzioaren eztabaida hurrengo baterako utziko dut, kontraesan handiak eragiten dizkidalako. Baina aitortu behar dizuet kontu honek erabat astindu dizkidala idazkia egin aurretik nituen argudioak. Desgaitasuna duten pertsonen eskubideak etengabe urratzen direla pentsatzen dut, gizarte inklusibo batean amesten dut, utopia batean non denok dugun lekua eta izateko aukera. Telmo Iruretak, sexuaz gozatu nahi du eta horretarako prostituziora jo duela esan digu. Nahita edota nahi gabe, kolektibo oso baten ordezkaritza gainean hartu eta ezkutuan dugun errealitate deserosoan fokua jarri nahi izan duela iruditzen zait. Eskubide afektibo-sexualak mahai gainean jarri eta normatiboak ez diren pertsonen sentitzeko eta gozatzeko muga begi-bistaratuz. Izan duen oihartzuna eta sorrarazi duen eztabaida seguruenik ez zuen espero.

 

«Eskubide afektibo-sexualak mahai gainean jarri eta normatiboak ez diren pertsonen sentitzeko eta gozatzeko muga begi-bistaratu du Telmo Iruretak»

 

Eztabaida aberasteko eta iritzi ezberdinak beti sanoak iruditzen zaizkidalako, amaitzeko, Ana Pollan aktibista feminista, abolizionista eta filosofoaren hausnarketa uzten dizuet: «Desgaitasunen bat dugun pertsonak gai honetan eztabaidagai izateaz gain, beste edozeinek bezala, betebehar moralak ditugun subjektuak gara. Desgaitasun batek ez du inor salbuesten bestea bitarteko gisa ez tratatzearen printzipio etikotik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!