Historian zehar, desgaitasuna ikuspegi eta eredu ezberdinetatik hartua izan da; egun, gizarteen garapen eta demokratizazioekin batera, desgaitasuna aukera-berdintasun falta gisa ulertzen hasi gara. OMEren definizioa balekoa hartzen badugu desgaitasuna fenomeno konplexua da, pertsonaren ezaugarrien eta bizi den ingurunearen ezaugarrien arteko erlazio estua eta muga islatzen dituena. Nolako ikuspegiak halako legedia sortuko duenez, dependentzian adituak, autonomia eta independentzia aitortzen dizkien ereduetara jo behar dugula esaten dute. Bizitza independenterako mugimenduak (60. hamarkadan sortua) eredu mediku eta asistentziala eredu soziala bilakatzeko eskatzen du. Horrela, desgaitasuna duen pertsona karitate-, errehabilitazio- edo esperimentazio-objektu izatetik eskubideen subjektu izatera igaroko da.
2006. urtetik Mendetasun Legea dugu. Sortu zenetik jasotzaileek eskasa dela kritikatu dute, alde batetik eskaintzen dituen baliabideak zerbitzu eta prestazioetara mugatzen direlako (eskatzaileek horiek lortzera iristen badira), eta bestetik, bizitza independentea eta autonomia pertsonalaren sustapena ez duelako bermatzen. Finean, jarraitzen duen ikuspegi asistentzialista dela eta, legez aitortuta dituzten hainbat eskubideak betetzera iristen ez dalako.
«Desgaitasuna duten pertsonek begirada aldaketa eskatzen digute, gu/beraiek egiten dugun bereizketarekin amaitu nahi dute. Munduko lerro okerrek ez dute zuzenduak izan nahi, diren bezala onartuak izan nahi dute»
Aurreko egunean, ikastaldearekin Aspacera bisitan joan ginen. Aspace osatzen duten langileek/egoileek zentroa, lantokia eta etxebizitza erakutsi zizkiguten. Argi eta garbi adierazi ziguten zer nahi duten: non, nola eta norekin bizi nahi duten erabaki nahi dute. Haiekin nahi gaituzte, ez behar gaituztelako, baizik eta bide zail hau gurekin egin nahi dutelako. Desgaitasuna duten pertsonek gizartean izan nahi dute, ekiteko aukerak nahi dituzte, modu autonomoan bizitzeko eta erabakiak hartzeko eskubideak aldarrikatzen dituzte, bigarren mailako herritar gisa tratatuak izateari utzi nahi diote. Ez dute gure paternalismorik nahi. Desgaitasuna duten pertsonek begirada aldaketa eskatzen digute, gu/beraiek egiten dugun bereizketarekin amaitu nahi dute. Munduko lerro okerrek ez dute zuzenduak izan nahi, diren bezala onartuak izan nahi dute.
Momentuz Nazioarteko egun bera ospatzen jarraitu beharko dugu, elkartuta gutxiengoen ahotsa ozen entzun dezagun.