Ez gerrako danbor-hotsek, ez krisi ekonomiko edota klimaren krisiak, ez dute isildu udak dakarren doinu alaia. Kristo aurreko eta ondorengo aroa bereizten dugun bezala, pandemia aurreko aroa eta ondorengoa bereiz ditzakegu, alegia, udak markatzailea hutsean jarri izan balu bezala, gizateriaren zero urtea hasiko balitz bezala. Aro berria normaltasunaren udararekin hasi genuela oroituko du gutariko askok.
Europa gerra batean murgilduta ikusteak asaldatu egin gaitu; dena den, gertaera ez litzaiguke horren arrotza egin beharko gerrak edota gatazkak gure bizitzaren konstante bat direla kontuan hartzen badugu. Horrela izango da; izan ere, historiako azken 5.000 urteetan, gizateriak 900 urtetako bake-unea besterik ez du ezagutu, urte horietaz hurrengo gerrak prestatzeko baliatu delarik. Azken 35 mendeetan 8.000 bake-itun baino gehiago sinatu dira. Ez dakit nolatan ez garen ohitzen hain normala den egoerara.
«Kristo aurreko eta ondorengo aroa bereizten dugun bezala, pandemia aurreko aroa eta ondorengoa bereiz ditzakegu, alegia, udak markatzailea hutsean jarri izan balu bezala, gizateriaren zero urtea hasiko balitz bezala»
Ohikoa iruditzen zaigu munduko biztanleriaren %1ak gainerako biztanleriaren %99 adina diru edota aberastasuna edukitzea. Gutxiengo horrek egoera hori betikotzen jarraitzen duen bitartean, gainerakoek aberastasun horiek zergapetzearen komenigarritasunaz eztabaidatzen dugu, ondasunak gureak balira bezala, aizue. Bien bitartean, gutxiengo horren parte diren pribilegiatuek euren estatusa finkatzen laguntzen dieten zeremonia eta protokolo erakustaldi panpoxekin entretenitzen gaituzte, hierarkia horren erpinean nor dagoen garbi utziz. Hala ere, ezin izan dute saihestu urre-koloreko handitasun horren azpian dagoen urtetako kolonialismo basatiaren kiratsa.
Baina, gure artean, uda benetan normala izan denaren seinalea herriko jaien giroa berreskuratzea izan da. Ohitura ona eta osasuntsua, zalantzarik gabe. Era berean, jaiaz gozatzen den bitartean, beldurrak eragindako alarma-seinaleak piztuta edukitzeak normala izaten jarraitu du, besteak beste, ziztaden modalitate berriari esker. Festatan, —ez bakarrik— parekidetasuna aldarrikatzen jarraituko dugu bada, irabazi diren espazioak zabalduz eta defendatuz.
Ongietorria faltan bota dugun normaltasuna, ez ahaztu, ordea, hainbat eta hainbat pertsona eta langilek bizitza berreskuratu dugun aro berri honetan salbuespen egoeran aurkitzen direla.