Maskarak kentzen

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Karrera Garcia 2022ko api. 24a, 20:58

Lerro hauek irakurtzean ikono bihurtu zaigun maskara kendu ahal izango dugu, espazio eta egoera jakin batzuetan baino ez dugu erabili beharko. Adituen arabera, pandemia ezin da bukatutzat eman, baina muga fisiko horretatik askatzeak etapa baten amaiera ekarriko die askori. Pentsatzen dut unea izango dela gertatutakoaz gogoeta egiteko, eta politikoki zuzena izanik, ondorioak atera eta zerbait egiteko aukera izango dugu. Ondorio horietako bat, zalantzarik gabe, osasun mentalaren arretarako meloia irekitzea izango da.

Horren harira, bi eragin azpimarratu nahi nituzke. Alde batetik, pandemiak osasun mentalaz hitz egiteko aukera eman digu. Askoz gehiago hitz egiten dugu min psikologikoak eragiten dizkigun eragozpenez, sintomez edota gaixotasunez, gu guztiok sufrimendu mota horretan elkar ezagutu baikara, hots, giza sufrimendu konpartituaren bizipena izan dugu. Bestetik, eta datuek horrela erakusten digute, gaixotasun mentala duten pertsonen diagnostikoek gorantz egin dute eta gaixotasun mentala pairatzeko probabilitateak handitu zaizkigu azken hamarkadetan.

Beste faktoreen gainetik, sistema sozioekonomiko liberalaren eragina azpimarratu nahi dut, gizabanakoaren askatasunaren izenean sufrimendu psikologikoa norberaren erantzukizunera murriztu baitu. Sistemak esaten digu arazoak geure buruan sortzen direla, sistema izan ditzakeen erantzukizunetatik askatuz.

«Botere faktikoek sortutako egiturek gizarte gisa gaixotzen gaituztenean, desorekatzen gaituztenean, pilulak ez dira nahikoak, are gehiago, kaltegarriak dira anestesiatu eta alienatzen gaituztelako. Nahiago gaituzte sedaturik haserre baino, zergatik ote da?»

Hala ere, pandemiak nabarmen utzi du inguruneak gugan duen eragina; hau da, osasun mentaleko arazo gehienak ingurunetik, testuinguru sozioekonomikotik eta laguntzarik ezetik datozela. Sistema neoliberalaren eskakizunetara egokitzeko ezintasunak eragin psikologikoa du, eta sistemak berak errentagarri bihurtu du, buru-osasuna merkataritza-produktu bihurtuz. Sistema horrek, industria farmazeutiko handiekin lankidetzan, gure sufrimendua berehala eta bakarka konpon daitekeela sinetsarazi nahi digu, medikazioa bezalako neurriekin, eta, aldi berean, sufrimendua eragiten duten egiturak kronifikatzen ditu.

Buruko eritasuna egon badago, eta batzuetan beste edozein eritasun bezala tratatu behar da, kasu horietan sendagaiak onargarriak dira. Aitzitik, botere faktikoek sortutako egiturek gizarte gisa gaixotzen gaituztenean, desorekatzen gaituztenean, pilulak ez dira nahikoak, are gehiago, kaltegarriak dira anestesiatu eta alienatzen gaituztelako. Nahiago gaituzte sedaturik haserre baino, zergatik ote da?

Gaixoa gizartea denean, politikak eta egitura komunitarioak aktibatzea ezinbesteko baliabidea da. Ikuspuntu horretatik, erantzun komunitarioa eta sarean egotea ezinbestekoa da; horretarako, justizia sozialean oinarritutako politiketara aldatzea nahitaezkoa da. Pertsonetan oinarritutako ereduetara jo behar dugu, oraingoz erdigunean duguna merkatua baita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!