Gogoan dut urtarrila hasieran Txinan epidemia kontrolatzeko hartzen ari ziren neurriak, besteen artean itxialdi neurriak gehien harritu ninduela. Hori gaitasuna, hori! Lekutan ikusten nuen nik errealitate hura. Geografikoki ez ezik, emozionalki oso urruti nengoen.
Horregatik, populazioaren gaineko kontrol hertsia aplikatzen duen Txina komunistan horrelakorik gertatzea ez ninduen harritu, itxialdiaren neurria logika horren barruan sartzen nuen, gizarte hartan onartu nezakeen; alabaina, hemen? Eskubide indibidualak blindatuta ditugun gizarte moderno eta demokratiko honetan? Baita zera ere! Gure askatasuna eta erabakiak hartzeko autodeterminazioa galdu baino lehen zain eta muin defendatzeko prest dagoen mendebaldar gizartean, inoiz ez!
Hara non, egun batetik bestera, esku-frenoari eman diot eta izugarrizko muturrekoa hartu ostean, espabilatzen noa. Etxetik.
Maiz entzuten dugu, gure mundu hau azkarregi doala. Produkzio-eredu sozioekonomikoek ezarri dituzten lan erritmoak ez dira bio-erritmoekin bateragarriak… Hondamendi bat gertatu behar izan da gelditzeko, horrek dakarren ondorio guztiekin. Ondorio ezkorrak modu gordinean pairatzen edo pairatuko ditugu. Denok.
Hara non, egun batetik bestera, esku-frenoari eman diot eta izugarrizko muturrekoa hartu ostean, 'espabilatzen' noa. Etxetik.
Haatik, gelditu gaitezkeela ere ikusi dut eta gelditzeko izugarrizko premia dugu. Ez dezagun aukera pikutara bidali. Gelditu behar gara, begiradak pausatu behar ditugu. Esentziala dena lehen planora ekarri, ikusteko eta begiratzeko. Ez dut uste itxialdiaren ostean gauzak aldatuko direnik, izan ere, gauzak aldatzen ari dira jada, eta guk eszenatoki horretan protagonistak edo harietatik zintzilik dauden txotxongiloak izan gaitezke, gure esku dagoen aukera da.
Zuekin (gurekin) partekatu nahi dudan berri on bat jaso dut ere; nire ama bizi den egoitzan ez da koronabirusa sartu. Langile eta egoiliar guztiek negatibo eman dute. Itxialdia amaitzean ziztu batean joango naiz amari muxu ematera eta bide batez bertan dauden langileei euren lana, esfortzua eta maitasuna eskertzera. Osasun krisiak lehertu aurretik lan-baldintzak hobetzeko urte eta erdiz greban egon den plantilla, salbuespen egoeragatik, gure aita-amengatik, greba eten egin dute lanera joanez. Gizatalde horren ereduak, egoiliar zein langile, banako hobea egiten nau eta horren parte izan nahi dut.
Ea denon artean eszenatoki atseginagoa eraikitzen dugun. Animo eta eutsi goiari!