Txanponaren bi aldeak (edo hiru, edo lau…)

Behin baino gehiagotan entzun dugu denok «Krisi garaiotan, auzolana garaile!» edo antzekoren bat. Zenbait kasu ikusita egia borobila denik, ezin uka; baina badira «Zakurraren putza» erantzuteko moduko beste makina bat ere.

Azkenaldian hainbat talderekin elkarlanean ekitaldiak antolatzea egokitu zait: kontzertuak, hitzaldiak eta beste. Eta talde horietako bateko kudeatzailearen mezua jaso berri dugu kideok: gero eta jende gutxiago gerturatzen dela (garela) bileretara eta horrek kezka sorrarazi diola, kideon motibazioa eta inplikazio maila beheraka doazela nabari duelako eta horrek taldetik antolatzen den egitarauan eragina duelako.
Ez zaio arrazoirik falta. Aitortu beharra daukat behin baino gehiagotan galdetu diodala neure buruari betiko lau katuk aritu behar ote dugun bazter guztietan auzolanean, eta egunen batean batzuk eta besteak haizea hartzera bidali beharko ditudala. Guztia esaten hasita, gaur egun antolatzen diren kultur ekitaldiek zenbait kasutan herritarrengandik jasotzen duten erantzunak ez du kideon motibazioa askorik elikatzen; baina, publiko potentziala neroni izan naizenetan, zenbatetan ez ote naiz etxean (edo tabernan!!!!) geratu? Ez dut uste, beraz, inori kargu hartzeko moduan nagoenik. Luze joko liguke, gainera, eztabaida horrek…
Kontua da, kudeatzailearengandik jaso dugun mezu horrek niregan behintzat eragin zuzena izan duela eta, momentuz, batzuk eta besteak haizea hartzera bidaltzeko asmoak burutik uxatu dizkidala. Ea gainontzeko taldekideengan ere eragin berbera izan duen. Eta, behin eskatzen hasita, ea hau irakurrita auzolankide berriren bat irabazten dugun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!