Zenbat gara?

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Goikoetxea Orbegozo 2014ko urt. 24a, 10:59

Egunero lanera bidean trenez egiten dudan joan-etorria dut irakurketarako tarterik gogokoenetakoa. Ni bezala, asko dira trena irakurketarako aprobetxatzen duten bidaiariak, eta ahal dudan guztietan, lepoa okertu eta liburuaren azalak ikusten saiatzen naiz, parekoa edo albokoa zer irakurtzen ari ote den kuxkuxean; bereziki, euskaraz ari den ala ez jakin nahian.

Nahi baino gutxiagotan aurkitzen ditut euskarazko liburua irekitzen duten bidaiariak. Joan den urtarrilaren 14ko Berrian, Iñigo Astizen 'Irakurlea irakurtzen' artikuluan euskal literaturaren irakurleak 15.000-20.000 izango direla zioen Harkaitz Zubiri idazle eta soziologoak. Irakurle sutsuak lirateke horiek (urtean 12 liburu baino gehiago irakurtzen dituztenak), ikerketaren arabera; ohiko irakurle moderatuak (urtean 5 eta 12 artean irakurtzen dituztenak) 40.000 inguruan kokatzen zituen; eta tartekakoak (urtean 5 liburutik behera) 100.000 eta 150.000 artean. Hurbilpen datuei buruz ari zen betiere, ez baitago, gaur gaurkoz, euskal irakurlearen ikerketa zehatzik.

Egia esan, 15.000-20.000 arteko kopuru hori altua iruditu zitzaidan lehen irakurraldian. Nire inguru euskaldunean euskaraz irakurtzen dutenak zenbat diren ikusita, 15.000.-20.000ra iristea zaila begitandu zitzaidan. Eta trenean euskarazko liburua irekitzen duten bidaiariei dagokienez ere, beste horrenbeste esango nukeen.

Zifra dantza handia dago euskaraz irakurtzen dugunok zenbat garen zenbatzerakoan: 15.000, 12.000, 1.700, 41.000.... Bada, euskaraz bizi garenok zenbat garen ikusita (horren isla ere bada treneko bagoia, bide batez) konformatuko nintzateke 15.000-20.000 horiekin, bai horixe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!