Gaurkoarekin, datorren urtera arte

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Goikoetxea Orbegozo 2013ko abe. 20a, 12:53

Joan den abenduaren 3ko Euskararen Egunaren harira makina bat ekitaldi antolatu zen bazterretan, eta sare sozialetan ere nahi adina mezu aurki zitekeen euskara mundiala dela eta euskara urteko 365 egunetan hitz egin behar dela gogoraraziz. Behin bati entzun nion zerbaiten eguna ospatzea zerbait hori oso egoera onean ez zegoen seinale zela; alegia, hobe zela zerbait horren egunik ospatu beharrik ez izatea. Euskararen kasuan bistakoa da hori: hemen bizi zaitezke gaztelania soilik jakinda, euskaraz moldatu beharrik gabe; saia zaitez, adiskidea, kontrakoa egiten.

Baina, pauso bat harago joanda, ez daukat oso garbi Euskararen Egunak euskararen eguneroko erabilerari zein neurritaraino egiten dion mesede; alegia, kosta egiten zait pentsatzea abenduaren 3ra arte egunerokoan nagusiki espainolez egiten zuena abenduaren 4tik aurrera bere bizimoduan euskara gehiago erabiltzeko ahalegina egiten hasiko denik. Eta kontuari buelta emanda, ez dakit egunerokoan gaztelaniaz aritzen den horri, Euskararen Eguneko ekitaldietan parte hartu eta euskararen alde dagoela publikoki adierazteak ez ote dion are lasaitasun gehiago emango biharamunetik aurrera gaztelaniaren altzoan jarraitzeko, euskararen aldeko ekintzetan parte hartu izanagatik kontzientzian kosk egingo dion inolako harrik gabe, gainera.

Honekin ez dut esan nahi Euskararen Eguna ospatzen duten eta egun horretako jardueretan parte hartzen duten guztiek hala dihardutenik, ezta gutxiago ere. Baina beldur naiz zenbaitentzat Euskararen Egunak ez ote duen balio euskararekikoak urteko egun bakarrean egin eta gainontzeko 364 egunetan espainolez eroso ibiltzeko, euskararen hatsa lepondoan sentitu gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!